Gaur egun titulaziorik eta enplegurik ez duten pertsona askok ez dakite profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzeko aukera dagoela. Ziurtagiri horrek pertsona batek lanbide batean dituen gaitasunak egiaztatzen ditu, eta, beraz, esperientzia frogatzea eskatzen duten lanpostu kualifikatuak lortzeko aukera ematen dio. Ordura arte titulazio ofizialik izan gabe lan egin duten pertsonak izanik, dagoeneko lan-merkatuaren barruan dauden eta beren lanbidea egiaztatu edo enplegagarritasuna hobetu nahi duten pertsonez ari gara.

Ziurtagiriek lanbide ugari egiaztatzen dituzte, 26 lanbide-arlotan eta hainbat kualifikazio mailatan sailkatuta, ezagueren, arduraren eta abarren arabera. Adibide gisa, informatikaren sektorean programatzaile gisa esperientzia luzea duen pertsona batek, trebetasun handia izanda ere, bere ezagutzak egiaztatzen dituen dokumenturik ez badu, lan hori egiteko behar duen egiaztagiria lor dezake.

Ziurtagiria prestakuntzaren bidez lortu ohi da, Lanbidek onartutako modulu batzuk eta enpresetan egin beharreko praktiketako aldia  gaindituz. Ez da baldintza akademikorik edo profesionalik eskatzen lehen mailako prestakuntza egiteko, eta hortik aurrera prestakuntza-ibilbidearekin aurrera jarraitzeko aukera dago.

Beste bidea ziurtagiria lortzeko lan-esperientzia eta ikasketa ez-formalak aitortzeko prozesua da, eta berariazko deialdi baten bidez egiten da.

Zalantza sor daiteke LHko titulu bat eta profesionaltasun-ziurtagiri bat gauza bera ote diren. Zenbait ezaugarri partekatzen dituzten arren, desberdintasun nagusia da Lanbide Heziketa titulazio akademikoa dela eta profesionaltasun-ziurtagiria, berriz, lan-egiaztapena, kualifikazio profesionalaren hainbat maila dituena.

Kontuan izan behar da, hautaketa-prozesu batean, titulu ofizial hori izateak abantailak ematen dituela halakorik ez dutenen aldean, enpresa pribaturako nahiz Administrazio Publikoaren deialdi baterako.

Azkenik, ziurtagiri hori lortzen duenak, gainera, segurtasun pertsonala eta autoestimua sendotzen ditu. Azken batean, lortu aurretik zituen trebetasun berberak ditu, baina orain aitortza jaso du.

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera