Garai guztietan, emakumeek zientziaren eta teknologiaren garapenean parte hartu izan dute, baina oso gutxitan jaso izan dute merezi zuten aitortza, bai laguntzaileen tokia esleitu izan zaielako, bai, zuzenean, beren lanak gizonezko zientzialariei egotzi izan zaizkielako.

Gaur egun, oraindik ere, emakumeek eta gizonek parte-hartze eta toki desorekatua dute ikerketan, garapen teknologikoan eta berrikuntzan. Desoreka hori irakaskuntzan hasten da; Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko aukera teknikoetan, emakumeen presentzia txikiagoa da jada, eta gauza bera gertatzen da goi-mailako eta graduondoko ikasketetan ere.  Hori guztia, emakumeek oro har goi-mailako ikasketetan parte hartu arren: Euskal Herriko Unibertsitateko 2020-2021 ikasturteko ikasle berrien % 57 emakumeak dira.

Emakunderen 2016ko txosten batek erakusten du genero-estereotipoek eragina dutela Euskal Herriko gazteen goi-mailako ikasketen hautaketan.  Emakumeek gizonek baino neurri handiagoan aukeratzen dituzte Osasun Zientzien, Arte eta Giza Zientzien eta Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen adarretan bildutako titulazioak. Aitzitik, Ingeniaritzako eta Arkitekturako titulazioek profil maskulinoa dute nagusiki oraindik ere (matrikulazioaren % 70 baino gehiago). ‘Emakumea-irakaslea-sendagilea’ eta ‘gizona-ingeniaria-teknikaria’ ereduek bere horretan jarraitzen dute.

Lanbide Heziketan, emakumeen presentzia txikiagoa da maila guztietan, eta bereziki txikia da adar hauetan: Ibilgailuen Mantentze-lanak, Elektrizitatea eta Elektronika edo Fabrikazio Mekanikoa. Beste muturrean, neskak nagusi dira arlo hauetan: Irudi Pertsonala, Zerbitzu Soziokulturalak eta Komunitaterako Zerbitzuak edo Osasuna.

Horren aurrean, geure buruari galde diezaiokegu zergatik lotzen diren oraindik ere arlo batzuk eremu femeninoarekin eta beste batzuk eremu maskulinoarekin, emakumeek esparru zientifikoetara sartzeko debekua deuseztatu zenetik mende bat igaro denean. Lehenengo arrazoia da neskek genero-rolak barneratzen dituztela eta zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa izateari uzten diotela; eta, aukeratu behar dutenean, emakumearekin lotutako estereotipoei esleitutako ikasketak aukeratzen dituzte kontzienteki edo inkontzienteki: zaintza, hezkuntza, babesa, etab.  Bigarrenik, familiak, gizarteak eta eskolak ikasitako arau eta balio batzuk betikotzen dituzte, eta mutilekiko eta neskekiko jokabide, jarrera, keinu eta itxaropen desberdinen bidez adierazten dituzte.

Familiaren inplikazioa sustatuz iritsiko da aldaketa, eskolako eskuliburuetako estereotipoak ezabatuz, hizkeran emakumearen presentzia agerian utziz… baina ez da hori bakarrik. Neskek interesa dute zientzia aplikatuarekiko eta zientziarekin lotutako gizarte-arazoekiko; agian, aldatu beharrekoa ikuspegi pedagogikoa da, eta, horrez gain, emakumeen ikuspegia txertatuz osatu beharko da edukien aukeraketa. Hezkuntza-curriculumean emakumeen ezagutzak txertatzen baditugu, zientzia eta teknologia modu zabalagoan eta pluralagoan aurkezteko aukera izango dugu.

Estereotipoak ezabatzen badira, baliteke ikasketen aukeraketaren ehunekoak ere aldatzea.

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera