Nola egokitu urrutiko ikasketetara eta lanera?

Koronabirusak eragindako alarma-egoerak eta derrigorrezko konfinamenduak eragin du lanpostu asko etxeko eremura eramatea, eta ikasleak ikastetxeetara ezin joatea. Hala, Euskadiko unibertsitate-esparruak erabaki du urrutiko prestakuntzara jotzea 2019-2020 ikasturtea amaitzeko.

Ikasle bakoitzaren plan akademikoari jarraipena egiteko edo telelana ondo egiten dela ziurtatzeko ohitura berriak hartu behar izan ditugu. Teknologia da urrutiko zeregin horietarako funtsezko tresna, eta Interneterako konexioak eman digu konponbidea. Hala eta guztiz ere, egoera berri bati egin behar diogu aurre, eta horretarako egokitu egin behar dugu.

Hona hemen hori lortzeko gomendio xume batzuk:

  • Ordu finko batean jaiki, ohitura ez galtzeko.
  • Etxeko lan-eremua antolatu, giro egokia izateko.
  • Ordutegi bat jarri eta zeregin edo jarduera bakoitzaren hasiera eta amaiera planifikatu.
  • Ikasketaren edo lanaren erritmoari eta motibazioari eusteko, atseden txikiak egitea komeni da. Garrantzitsua da luzaketak egitea eta mugitzea, zereginetatik eta pantailatik noizbehinka urruntzeko.
  • Konexio digitalaren bidez, harremanak bilatu eta horiei probetxu atera. On line eskolek eta bideokonferentziek interakzio zuzena eskaintzen dute, pantaila baten bidez izan arren, eta denbora errealean komunikatzeko, iritziak partekatzeko, bilerak egiteko eta abarretarako aukera ematen digute.
  • Etxeko eremutik harago, ikasgelako edo lantokiko beste pertsona batzuekin harreman informala izan, eguneroko gauzei buruz hitz egiteko eta kontrastatzeko. Adibidez, telefono bidezko elkarrizketa bat mezu elektroniko edo whatsapp sorta bat baino askoz atseginagoa izan daiteke.
  • Jardunaldia amaitzean, egokiena da ordenagailua itzaltzea eta paperak jasotzea. Jarduera etxean egiteak ez du esan nahi etengabe konektatuta egon behar dugunik. Lana amaitutakoan, beste jarduera batzuei ekin behar diegu (kirola, janaria prestatzea, jolasa, eta abar), ikasteko edo lan egiteko ohiko tokia uzten denean bezala.

Azkenik, larrialdi-egoerara egokituta, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren eta Azpiegitura Sailak diru-laguntzak eskaini dizkie ETEei, material teknologikoa erosteko eta teknologiaren erabilerari buruzko aholkularitza jasotzeko, ahal duten heinean beren jarduerarekin etxetik jarraitu ahal izan dezaten: https://www.spri.eus/languntzaketafinantziazioa/eusko-jaurlaritzak-45-milioi-euro-bideratuko-ditu-enpresa-txiki-eta-ertainentzat/

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera