Enplegua bilatzeko asmoa duzunean, curriculumak bidali behar dituzula pentsatzen duzu soilik, ziur asko, baina hori ez da nahikoa. Helburu batzuk, lehentasun batzuk eta ekintza-plan bat ere pentsatu behar dituzu.

  • Hasteko, helburua zehaztu behar duzu. Zure helmuga profesionala lor daitekeena den eta zuretzat egokia den argitu behar duzu. Egin ezazu zeure buruaren ebaluazio pertsonala eta profesionala, eta saiatu zure gaitasunak, trebetasunak, ahalmenak edota prestasuna argitzen; horrek guztiak lagunduko dizu zer egin behar duzun zehatzago ikusten, eta segurtasuna emango dizu.
  • Ondoren, identifikatu zereginak: eman izena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, erabili zure harreman-sarea, bilatu eskaintzak enplegu-sareetan, eguneratu zure curriculuma, bildu interesatzen zaizkizun enpresa edo erakundeei buruzko informazioa, joan enplegu-azoketara, etab.
    Enplegu Bilaketa Aktiboa (EBA) ezagutzea ere interesgarria izan daiteke. Lanbidek enplegu-bilaketa egiaztatzen du, eta, gainera, laguntza jakin batzuk eskatzeko aukera ematen du egiaztapen horrek.
  • Gero, antola ezazu zeregin honetarako behar duzun denbora. Gai honek lehentasun osoa izango du zure eguneroko zereginetan, eta egokia ere izan daiteke egunero zure jarduera erregistratzea. Lagungarri izango zaizu agenda xume bat; agenda horretan jaso dezakezu curriculuma nora bidali duzun, zer ataritan erregistratu zaren, zer eskaintzari erantzun diozun eta abar.
    Elkarrizketa bat duzunean, komeni da enpresa ikertzeko behar duzun denbora planifikatzea: enpresaren sare sozialak ikusteko, eskaintzen duten lanpostua aztertzeko, erantzunak praktikatzeko eta zure dokumentazioa prestatzeko.
  • Azkenik, egin ezazu emaitzen jarraipena, hau da, ebaluatu ekintza bakoitza. Eta bukatzeko, elkarrizketa baten ondoren, azal iezaiezu zure esker ona eskutitz edo mezu elektroniko baten bidez; zure hautagaitza indartzen du horrek, eta lanpostuarekiko interesa berresten du.

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera