Lan-merkatuan sartzean, bi esparru handirekin egingo dugu topo: pribatuarekin eta publikoarekin. Esparru horietara sartzeko modua oso desberdina da: enpresa pribatuan, curriculuma aurkeztea ohikoa da; sektore publikoan, berriz, sartzeko modua oso bestelakoa da, enplegu publikoko eskaintzen bidez sartu behar baita. Ziur asko, entzunak izango dituzu horren ezagunak diren oposizioak. Baina zer dira?

Hasteko, kontzeptu batzuk argituko ditugu. Lan-eskaintza publikoa da administrazio publiko batek etorkizunean egingo duen lanpostuen deialdiaren iragarkia. Iragarki bat besterik ez da, eta ez du informaziorik ematen, zer lanpostu eta lanpostu bakoitzean zenbat plaza eskaintzen dituen argitzeaz gain. Ondoren, deialdia argitaratzen da, eta horrekin batera, eskaerak aurkezteko epea zabaltzen da. Baina zer baldintza bete behar dira? Zenbat azterketa izango dira, eta nolakoak? Zer ikasgai-zerrenda ikasi behar da? Zer merezimendu balioesten dira? Eta nolakoa izango da hautapen-prozesua? Informazio hori guztia deialdiaren oinarrietan jasotzen da. Agiri hori zehatz-mehatz aztertu behar da, eta lanpostua lortzeko behar diren baldintza guztiak betetzen direla egiaztatu behar da.

Informazioa nola lortu, hori beste gauza bat da. Nola izan dezakezu interesa dakizukeen oposizio baten berri? Lan-eskaintza publikoko deialdiak nahiz deialdi bakoitzaren oinarriak deialdia egiten duen administrazioari dagokion aldizkari ofizialean argitaratzen dira. Plaza asko betetzeko deialdia izanez gero, prentsan ere argitaratu ohi da, eta zure prestakuntzarekin lotutako oposizioa bada, zure profesionalen elkargoaren bidez ere izan dezakezu horren berri. Badaude informazio-zerbitzuak eta oposizioen deialdiak biltzen dituzten bilatzaileak ere, Gazteaukera, esaterako:

http://www.gazteaukera.euskadi.eus/r58-2246/eu/contenidos/informacion/empleo_publico/eu_1728/index.shtml

Zein dira enplegu publikoak erabiltzen dituen hautapen-sistemak? Lan-eskaintza publiko guztiei “oposizioa” deitzeko joera badago ere, enplegu publikoaren barnean, hiru motatako hautapen-prozesuak daude.

  • Oposizioa: proba bat edo gehiago egiten dira: teorikoak, praktikoak, test motakoak, fisikoak, elkarrizketak…
  • Lehiaketa: izangai bakoitzaren merezimenduak balioesten dira: esperientzia, prestakuntza maila, hizkuntza-eskakizuna, etab.
  • Lehiaketa-oposizioa: aurreko biak batzen ditu; oposizioaldi bat egiten da, eta hori gainditzen dutenek merezimenduak aurkeztuko dituzte.

Hautapena amaitu ondoren, pertsonen zerrenda bat egiten da lortutako puntuazioaren arabera, eta lortutako lekuaren arabera beteko dira plazak; plazak bete ondoren, gainerakoak zerrendan geldituko dira. Azken horri enplegu-poltsa deritzo. Ziur asko norbaiti entzungo zenion “poltsan gelditu dela” esaten; deitzeko zain gelditzen dela esan nahi du, ordezkapenak egiteko agian.

Enplegu-poltsak horrela era daitezke, edota badaiteke administrazio publikoak enplegu-poltsarako eskaintza publikoko deialdi bat egitea zuzenean; azken horrek ere dagozkion oinarriak izango ditu, eta prozesuaren informazioa jasoko du.

Nola prestatu oposizioa? Aurkeztea erabaki baduzu, baldintza guztiak betetzen badituzu eta prozesua nola izango den badakizu, prestatzea da ondorengo urratsa. Oposizio batean, ikastea oso garrantzitsua da, eta ikasgai-zerrenda lortu behar da. Legeari dagozkion gaiak eskuragarri egon ohi dira Interneten; sindikatuek eta profesionalen elkargoek ere egiten dituzte ikasgai-zerrendak, baita argitaletxe batzuek ere, oposizioak izaera masiboa badu. Eta oposizioak prestatzeko formakuntza eskaintzen duten akademiak ere badaude.

Iraupen-lasterketa bat da oposizioa; bide luzeko prozesua izaten da, eta etengabeko ahalegina eskatzen du. Horregatik, garrantzitsua da plangintza egitea eta azterketara lasai joatea, ezagutzak izateaz gain, jarrera ere oso garrantzitsua baita.

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera