Gazte askok atzerrira joatea erabakitzen dute, lan egitera, hizkuntzak ikastera edo, besterik gabe, esperientzia berri bat bizitzera. Egia esan, gero eta gehiago balioesten da atzerriko esperientzia izatea, bai lana bilatzeko orduan, bai prestakuntzako etapan, eta, horregatik, hainbat programa sustatzen dira horretarako. Maletak egitea eta beste herrialde batera joatea pentsatzen ari bazara, Europa helmuga ona izan daiteke; begira zenbat aukera eskaintzen dizkizun.

Atzerrira joateko arrazoi nagusietako bat lan egitea eta lan-esperientzia lortzea da. Xede horretarako erabil daitekeen tresnetako bat EURES da, Mugikortasun Profesionalerako Europako Ataria: ; besteak beste, Europan lan-eskaintzak begiratzeko bilatzailea du. Europako Batzordeko atari ofiziala da, beraz, fidagarria da, eta horrela enplegu-eskaintza engainagarrien arriskua saihesten da. Enplegua bilatzeko orduan, funtsezko beste urrats bat curriculum egokia izatea da; horretarako, Europass erabil daiteke, Europar Curriculuma; Europan onartutako eredu estandarra eskaintzen du, gaitasunak eta prestakuntza egiaztatzeko.

Pertsona asko ingelesa edo beste hizkuntza bat ikasteko asmoz joaten dira Europako herrialderen batera. Kasu horretan, egonaldiko gastuak ordaindu ahal izateko, askok lana bilatzen dute, herrialdeko jendearekin harremanak izateko eta hango hizkuntza erabili ahal izateko. Aukera asko daude horretarako: au pair, urte-sasoiko lana turismoan, nekazaritza, udalekuak, etab. Interesatzen bazaizu, horrelako egonaldiak kudeatzen dituzten erakundeetara jo dezakezu. Gazteaukera webgunean aurki dezakezu horren inguruko informazioa.

Bestalde, hainbat programatan parte hartuz gero, hala nola Europako Elkartasun Kidegoan edo Europako Boluntario Zerbitzuan, esperientzia ahaztezina eskuratuko duzu; kezka sozialak dituen pertsona solidario gisa duzun balioa eskainiz, onurak lortuko dituzu hizkuntzaren ikuspegitik, eta Europako hainbat herrialdetako errealitateak, zure etxetik inoiz imajinatuko ez zenituzkeenak, ezagutu ahal izango dituzu. Programa horietara lehen aldiz hurbiltzeko, honako lotura hauek bisita ditzakezu:

Atzerrira irteteko, izapideak eta kudeaketak egin behar dira, berme guztiekin joan ahal izateko. Funtsezko bi alderdi dira tituluen homologazioa eta osasun-estaldura. Lan egitera joan nahi baduzu, zoazen herrialdean zure lanbidea araututa dagoen ala ez egiaztatu beharko duzu; araututa baldin badago, tituluaren aitortza egin beharko duzu herrialde horretan. Zure lanbidea araututakoen artean ez badago, ez dizute tituluaren aitortza eskatuko; horren ordez, trebakuntza profesionalen aitortza izango dute kontuan. Europako osasun-estaldurari dagokionez, behin-behineko egonaldia bada, Gizarte Segurantzak emandako Europako Osasun Txartelak balio du; oro har, bi urteko iraupena izaten du, baina laburragoa ere izan daiteke, baldintzen arabera.

Beste herrialde batera joateko prestatzea eta izapideak egitea neketsua izan daiteke, eta zalantza asko sor daitezke. Helmuga Europa, 2017 mugikortasun-gidak Europak, mugikortasunari dagokionez eskaintzen dituen aukerei buruz eskuragarri dagoen informazio guztia biltzen du; lagungarri izan dakizuke erabakita duzun bidaia prestatzeko edo, oraindik pentsatuta ez baduzu, bidaia diseinatzeko.

Eurodesk sarearekin harremanetan jar zaitezke, Europan mugitzeko orduan gazteek izan ditzaketen zalantzei erantzuten baitie. Europako informazio-sare hori 1.200 postu lokal baino gehiagok osatzen dute, Europako 34 herrialdetan. Sarearen helburu orokorra da Europako mugikortasun-aukerei buruz gazteak kontzientziatzea, prestakuntzarekin, lanarekin, parte-hartzearekin eta aisialdiarekin lotuta.

http://www.eurodesk.es/

Gazteaukera webgunean, http://www.gazteaukera.euskadi.eus/r58-50720/eu/, eta GazteBizHitza webgunean, http://www.gazteaukera.euskadi.eus/gaztebizhitza/, post honetan aztertu ditugun aukerei buruzko informazio gehiago aurki dezakezu.

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera