Emakumeek lan-munduan pairatzen duten diskriminazioa, tamalez, errealitatea da. Kasu batzuetan, lan bera egiteagatik gizon batek baino gutxiago kobratzen du emakume batek (soldata arrakala), edo lanak modu desberdinean banatzen dira, edota zuzendaritza-karguak lortzeko aukera mugatu egiten da, etab.

Lanpostu baterako hautagaiek ez dituzte ezagutzen lanpostu horretarako azken aukeraketa erabakitzen duten arrazoiak, baina adi egotea komeni da aukeraketa horren zenbait fasetan. Elkarrizketa batean, “Haurrik baduzu zure zaintzapean? Ezkonduta zaude? Ama izateko asmorik baduzu?” eta antzeko galdera pertsonalak egiten badira, jakizu horiek legez kanpokoak direla, intimitaterako eskubidea eta diskriminaziorik ez izateko eskubidea urratzen dituztelako.

Ez da arraroa estereotipo sozialekin topo egitea: emakume batentzat familiak du lehentasuna, eta gizon batentzat, berriz, lanbideak, esaterako. Emakume bati haurrak izateko asmorik duen galdetzeak ez du inolako zerikusirik lan-munduarekin, eta diskriminazioa erakusten du. Eta gauza bera gertatzen da egoera zibilari, nazionalitateari, erlijio-sinesmenari, iritzi politikoari edota osasunari buruzko galderekin ere.

Gerta daiteke elkarrizketa egiten duenak ez jakitea galdera onartezin horiek egitea legez kanpokoa dela, hau da, elkarrizketatuari buruzko informazioa lortzeko soilik egitea; kasu horretan, modu onean erantzutea komeni da, baina legez kanpoko galdera dela jakinarazi daiteke, eta generoarekiko diskriminazioagatik Lan Ikuskaritzan salaketa bat jartzeko edota demanda judizial bat aurkezteko aukera ere badago.

Era berean, salaketa jar daiteke lan-eskaintza umiliagarri baten aurrean, adibidez, lanerako baldintzetako bat itxura fisikoa edo janzkera baldin bada.

Elkarrizketa batean deseroso sentitzean, egoera horri aurre egiteko, informazio pertsonal zehatz hori zertarako ezagutu nahi duten edota informazio horrek lanpostu horrekin zer lotura duen galde daiteke. Galdera zuzen bat ere saihets daiteke: “Zein da zure familia egoera?” galderaren aurrean, adibidez, lanpostuak hala eskatzen badu bidaiatzeko arazorik ez dagoela erantzun daiteke.

Langileak aukeratzeko prozesu inpartzial eta bidezkoen eskaria gero eta handiagoa da gizartean; lanpostu hori garatzeko gaitasun eta meritu optimoak bilatzera zuzendutako prozesuak landu nahi dira; horretarako, ezinbestekoak dira hautagaiak aukeratzerakoan diskriminatzailea izan daitekeen informazioa saihestu eta beharrezkoa den informazioa soilik biltzen duten metodoak.

Langileen aukeraketak berdintasunezko prozesua izan behar du gizonentzat eta emakumeentzat, eta ez oztopo-lasterketa bat azken horientzat.

Diskriminazio-egoeretan berdintasunaren printzipioa defendatzeko zerbitzu bat eskaintzen du Emakundek: http://www.emakunde.euskadi.eus/zerbitzua/-/defentsa/

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera