Masterra egitea erabaki duzu, zure ikasketak eta prestakuntza osatzeko; baina argi dituzu master ofizial baten, unibertsitateko master baten eta master propio baten arteko desberdintasunak? Ondoren, jakitea komeni zaizuna laburbildu dizugu:

Master ofizialak

Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren mendekoa den Kalitatearen Ebaluazio eta Akreditaziorako Agentzia Nazionalak (ANECA) arautzen ditu, eta Europar Batasuneko herrialde guztietan aitortuta daude.

Hala, master ofizial batean sartzeko, ezinbestekoa da Espainiako unibertsitate-titulu ofizial bat (Gradua) edo Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruko erakunde batek emandako tituluren bat izatea.

Soilik irakasleek ematen dituzte eskolak; ikerkuntzara bideratzen dira, bereziki, eta ikasketak jarraitzeko aukera ematen dute, doktoregoa, esaterako.

Master ofizial bat egiten ari diren pertsonak, baldintzak betetzen badituzte betiere, Hezkuntza Ministerioko beka orokorren sisteman sar daitezke. Gainera, Administrazio Publikoaren enplegu-prozesu publikoetan, oro har eta oinarrien arabera, master ofizialak puntuazio handiagoa du, graduondoko ikasketa gisa katalogatuta baitago.

Master propioak eta unibertsitateko master propioak

Unibertsitateko master propioak unibertsitate bakoitzak edota unibertsitatearekin elkarlanean aritzen diren eskola pribatuek onartzen dituzten masterrak dira, eta master propioak, berriz, erakunde pribatuetan egin ohi dira, negozio-eskoletan, esaterako. Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruaren homologaziorik ez dute, baina horrek ez du esan nahi prestigio edo kalitate gutxiago dutenik.

Lan-mundura bideratuta daude ikasketa hauek, eta beren lanbide-karreran berritu edo birziklatu nahi duten profesionalei zuzentzen zaizkie bereziki, merkatuaren eskariaren etengabeko aldaketetara egokitzeko eta beren ibilbidean aurrera egiteko; baina graduatu berri diren pertsonentzat ere irekita daude.

Masterra ematen duen erakundeak berak diseinatu eta onartzen ditu ikasgai-zerrendak, eta unibertsitateko irakasleek eta jardunean dauden adituek ematen dituzte eskolak.

Mota horretako masterrak egiten ari direnak erakunde bakoitzak eskaintzen dituen beken eta deskontuen programez balia daitezke. Enplegu publikoko prozeduren kasuan, master propioei etengabeko prestakuntzen baremoa ezartzen zaie, eta, beraz, puntuazio baxuagoa dute.

Beraz, bi aukerek kalitatezko prestakuntza eskaintzen dute; aukeratzerakoan, kontuan hartu beharko duzu ikasketa horiek eginda, zer helburu lortu nahi duzun lan etorkizunari begira.

 

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera