DBHko edo Batxilergoko ikasketak amaitu ondoren ikasten jarraitu nahi baduzu, ziurrenik aholku ugari entzungo dituzu zure inguruan: zer ikasketa hautatzea komeni zaizun, ikasketa onenak zein diren, zer den errazena edo zer ikasketak dituzten irteera gehien. Behingoz, egin behar EZ duzunari begiratuko diogu; zer iruditzen? Zer saihestu behar duzun proposatzen dizugu, ikasketa horiek zuretzat egokiak ez direla jabetzeko beranduegi izan ez dadin.

1. Ez informatu

Informazioa boterea da, eta, beraz, informatu gabe eta ezagutu gabe erabakitzen baduzu, erratzeko loterian saria izateko txartel asko izango dituzu. Argi daukazu ikasten jarraitu nahi duzula, baina, badakizu zer aukera dauden? Edo zure ikastetxean selektibitateaz eta unibertsitateaz soilik hitz egiten dute? Lehenik, ikasteko aukerei buruzko informazioa eskuratu behar duzu (erdi-mailako gradua, goi-mailako gradua, unibertsitate-gradua), zure interes eta gustuetara ondoen zer egokitzen den aztertzeko. Bigarrenik, gustuko duzun esparruko eta zure interesen eta lehentasunen araberako titulazioak ezagutu behar dituzu; badirenik ere ez dakizun graduak daude, ziur. Graduaren izena ezagutzeaz gain, moduluak ere ondo ezagutu behar dituzu, horiekin zertan lan egiteko aukera izan dezakezun, etab.

Informatzeak ahalegina eskatzen du, baina ikasketei buruzko informazioa guztion eskura dago: orientatzailearekin elkarrizketak ikasketa horiek egiten diren tokian, ate irekiak unibertsitateetan, webguneak…  Ez duzu aitzakiarik!

2. Estatusari eta prestigioari lehentasuna eman

Aukeratzeko orduan, pertsona bakoitzak bere lehentasunak ditu, eta batzuek lehentasuna ematen diote zenbait lanbiderekin edota ikasketarekin lotutako estatusari eta prestigioari. Batzuetan, familiak ikaslea “urrutira iristeko” duen itxaropenak presioa sortzen du, edo gizartean estatus altuagoa lortzeko irizpideak izaten du lehentasuna. Pentsatu ondo merezi duen, zuk igaroko baituzu bizitza osoa gustuko ez duzun zerbaitetan lanean, gizartean ondo ikusita dagoen ustez.

Tradizionalki, prestigio handiagoa eman izan zaio unibertsitatera joateari lanbide-heziketari baino; hala ere, ez da komeni aukera hori arinegi baztertzea.

3. Errazera joan eta amaieran pentsatu, hasi aurretik

Titulu bat lortzeak ahalegin handia eskatzen du, baina gustuko duzun zerbait ikasten baduzu eta aberasten zaituen lanpostu batean lan egiten baduzu, saria lortuko duzu. Ikasketak laburragoak direlako edo nota baxuagoa eskatzen dutelako edo errazak izateko ospea dutelako aukeratzeak ez zaitu aseko, ez zaitu motibatuko eskolara joateko, eta kafetegian ez da gauza handirik ikasten.

Errazenera jotzea da, halaber, ikasketa batzuk lanerako irteera asko dituztelako hautatzea; lan bat izateak asko kezkatzen gaitu, baina inork ez dizu bermatuko, eta beharbada zure izaerarekin bat ez datorren zerbaitetan lan egingo zenuke.

4. Modei jarraitu

Unibertsitateko zenbait gradu, master edo ikasketa-modalitate modan jartzen dira une batean, eta ikasle gehiagok ematen dute izena ikasketa horietan. Ziur ezagutzen duzula horrelako bakarren bat. Gogoratu, gauza bat da moda-diseinua ikastea, eta beste bat zerbait ikastea modan dagoelako. Hutsik egiten ez duen proba bat dago: ikasturte bakoitzean ematen diren ikasgaiak arretaz irakurtzea, eduki akademikoen ideia zehatza izateko.

5. Hurbilen dagoenarekin gelditu

Gaur egungo gazteei batetik bestera ibiltzea, bidaiatzea, etxetik kanpo ikastea edo atzerrian hizkuntzak ikastea gustatzen zaiela iruditu arren, ez da beti horrela. Pertsona batzuk ez ditu bide horrek erakartzen, eta, horregatik, ikasketak hautatzeko orduan etxetik gertu egin ahal izateari ematen diote lehentasuna. Ez amore eman erosotasunaren aurrean; zuk ikasi nahi duzuna etxetik urrun baldin badago, ziur ahaleginak mereziko duela.

Arrazoia ekonomikoa ere izan daiteke; izan ere, etxetik kanpo ikasten baduzu, ikasketen gastuei ostatu-gastuak eta garraio-gastuak batzen zaizkie. Hala ere, ez itxi ateak hain azkar, bekak edo laguntzak egon daitezke eta. Lortu informazioa aurrez!

 

Zalantzarik gabe, zer ikasi hautatzea erabaki zaila da, eta erabakigarria izan daiteke zure bizitzarako; beraz, hartu beharreko denbora hartu, eta pentsatu zeure buruan. Eta uneren batean jabetzen bazara ez duzula erabaki egokia hartu, mundua ez da hor bukatzen, beti izango duzu beste ikasketa batzuk egiteko aukera.

Zure erabakia hartzeko orientazio gehiago behar baduzu, jar zaitez harremanetan GazteBizHitza orientazio- eta aholkularitza-zerbitzuarekin.

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera