Parkeko banku batean. Kurtsoaren hasiera. Unibertsitateko lehenengo urtea. Hasiera horri buruzko solasaldia. Junek mekatronika industrialeko goi mailako heziketa zikloa ikastea aukeratu du. “Klasean hogei gara, eta haietako bi bakarrik gara neskak”. Bestalde, Mikelek ondorengo pentsamendua botatzen du lagunen artean: “nire klasean ez da hainbestera iristen, baina neskekin alderatuta, oso mutil gutxi gara”. Hasiera batean erraza eta kaltegabea den zerbait pizten da elkarrizketan diharduten gazteen artean: zergatik desberdintasun hauek? Zergatik daude neska edo mutil gutxiago ikasketa batzuetan? Nolatan egiten zaio arraroa gizarteari, neska bat automobil mekanikaria izatea edo mutil bat ile-apaintzaile edo erizaina izatea? Zergatik?

Berdintasuna sustatzen den gizarte batean bizitzeko, eta genero estereotipoak errepikatzen ez dituen hezkuntza bat edota sexismorik gabeko hezkuntza sistema izateko ahaleginak egiten diren arren, oraindik helburu akademiko eta profesionaletan genero desberdintasuna (arrakala) dago. Eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikusi dezakegu, bertan ikasketak zeintzuk izango diren erabakitzen baita.

Emakundek egiten duen Zifrak txostenak honen inguruko datu gehiago ematen dizkigu. Unibertsitate hezkuntzari dagokionez, neskek Osasun Zientziekin zerikusia duten ikasketak aukeratzen dituzte; mutilen portzentaje handiago batek, ordea, Ingeniaritza aukeratzen du. Bitxia, ezta?

Bitxia deritzogu berez ez dagoelako ezer intrintsekoa egiten duenik neskek edo mutilek gaitasun ghandiagoa izatea ikasketa edo ogibide batzuetarako. Ezer ere ez. Beraz, desberdintasun hori gure baitan dago, ogibide edo ikasketa horietara bideratzen dugun begiradaren arabera. Eta begirada hauetan genero estereotipoak isurtzen dira,  eta joera sexistak ere gaineratzen dira. Lanaren banaketa sexualaren ondorioa den sexu-rolen banaketak neskei zaintzarekin, pribatua, emozionalarekin zerikusia duten ezaugarriak ezartzen dizkie eta mutilei, aldiz, publikoarekin, boterearekin, eta abarrekin, lotuta dauden ezaugarriak. Eta era bitxi batean, ezaugarri horiekin lotuta dauden lanbideak dira diruzko ordainsari handiagoa dutenak.

Azken finean, gazteek aukeratu ahal izatea oso desiragarria dela esan dezakegu, autonomiarekin eta beraien zaletasun, gaitasun eta interesei begira, generoaren araberako joerak erabat albo batera utziz.

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera