Unibertsitatean hastear bazaude, segur aski dagoeneko “unibertsitate kredituak” hitza ezagutu duzu. Ikusita izango duzu, gradu, graduondo eta ikasgai bakoitzak kreditu batzuk dituela, agian, ekintzak egiten kredituak lortu daitezkeela ere entzun duzu, baina baliteke zehazki ez jakitea zer diren edo zertarako balio duten. Berdin gerta daiteke nahiz eta ikasle berria ez izan. Unibertsitate kredituak lortzeko lasterketari gogor ekiteko, jarraian baliagarria den informazioa daukazu.

Zer dira ECTS unibertsitate kredituak?

ECTS kreditua (Europako Kreditu Transferentzia eta Metaketa Sistema) unibertsitate ikasketak baloratzeko eta neurtzeko erabiltzen den unitatea da. Bolonia prozesuaren ostean garatutako sistema da, beraz, nahiko berria da. Kredituen bidez bi alderdi baloratzen dira: alde batetik, ikasketa prozesuaren emaitzak, eta beste aldetik, emaitza horiek lortzeko beharrezkoa den ahalegina eta lana. Hau da, ikasgai baten kredituak ezartzeko kontuan izaten dira: klase-orduak, ikasteko eta lanak egiteko behar izango diren orduak, eta abar.

Euskal Herriko Unibertsitatearen berezko ikasketetan balioztatu da ECTS kreditu bakoitzerako 25 ordu behar direla.

Zertarako balio dute?

ECTS kreditu sistemak ikasketa programen planifikazioa, ebaluazioa eta gardentasuna lortzen laguntzen du.

Horrez gain, kurtso bat edo lau hilabete beste herrialde batean ikasteko gogoa baldin baduzu, adibidez, ERASMUS bat egin nahi baduzu, jakin behar duzu ECTS kreditu sistemari esker errazagoa dela. Unibertsitate askotan erabiltzen den neurria denez, errazagoa da unibertsitate batetik bestera kredituak eramatea eta arazo gutxiago daude ikasketa programa batean denboraldi bat egoteko. Beste herrialde bateko ikasketak aitortzea ere errazagoa da. Bereziki onuragarria da Europako herrietara ikastera joateko, gehienek sistema bera daukatelako.

Zenbat kreditu dauka gradu batek?

Europako gradu unibertsitarioek 240 ECTS kreditu dituzte, 60 kreditu kurtso bakoitzeko.

Unibertsitateko master ofizialek 60-120 ECTS kreditu inguru izan behar dituzte kurtso bakoitzeko.

Nola lortzen dira kredituak?

Ikasgai bakoitzak, behar duen ahaleginaren arabera, kreditu kopuru bat daukanez, ikasgaiaren kredituak lortzeko emaitzak lortu behar dira, hau da, ikasgaia gainditu behar da. Berdin gertatzen da praktikekin, Gradu Amaierako Lanarekin eta kurtsoa gainditzeko beharrezkoak diren ekintza hezigarri guztiekin. Kurtso bakoitzak lortu behar den kreditu kopuru bat dauka, eta kreditu horiek lortzeko modua ikasgaiak gainditzea eta betebeharrak egitea da.

Kreditu hauek ikasketa planean dauden betebeharrak betez lortzen dira, hau da, ikasgaien, praktiken eta gradu amaierako lanaren bidez, besteak beste. Baina, hauez gain, beste kreditu batzuk daude, aukera libreko kredituak.

Ikasle guztiek aukera libreko kreditu kopuru bat lortu behar dute, baina bakoitzak aukera dezake nola lortu kreditu horiek. Aukera ezberdinak daude: espezialitateko ikasgaiak hautatuz, mintegietara joanez, kirol edo elkartasun ekintzetan parte hartuz… Unibertsitate bakoitzak erabakitzen du zein jardueraren bidez lortu daitezkeen aukera libreko kredituak. Hurrengo estekan begiratu ditzakezue EHUk onartzen dituen ekintzak https://bit.ly/2N97xhk

Graduaren arabera, aukera librearen bidez lortu behar den kreditu kopurua desberdina izaten da, baina gutxienez ikasketa planeko %10 izan behar da.

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera