Lan Kontratuak

Lan bat eskaintzen badizute, edota lan elkarrizketa bat egiteko deitzen badizute, eskaintzen dizuten lan kontratu mota ezagutu behar duzu. Ez da berdina mugagabeko kontratu bat edo hiru hilabeteko plaza huts bat. Post honetan azalpen orokor batzuk eskaini nahi dizkizugu.

Lan kontratua, langilearen eta enpresaren arteko akordioa da. Bertan betebehar eta eskubideak arautu eta aurrera eraman beharreko jarduera eta zereginak zehazten dira. Hala nola, ordainsaria, ordutegia, lanaldia, oporrak, probaldia eta kontratuaren iraupena. Lan kontratuetan lau eredu aurkitu ditzakegu:

  • Mugagabeko lan-kontratua: iraupen mugarik ez duen kontratua da, lanaldi osokoa edo partzialekoa izan daiteke, edo aldizkako zerbitzu finkoak ematekoak.
  • Aldi baterako kontratua: denboraldi jakin baterako ezartzen da. Lanaldi osokoa edo partzialekoa izan daiteke.
  • Praktiketako kontratua: burututako ikasketei dagozkien praktika profesionalak izateko. Iraupena 6 hilabete eta bi urte bitartekoa izan daiteke. Luzapenak egon daitezke.
  • Prestakuntza eta ikaskuntzarako kontratua: 16 eta 25 urte bitarteko gazteen laneratzea laguntzeko kontratua. Heziketa jarduerarekin ikas-ekinezko erregimenean. Urte bateko gutxieneko luzapena du eta gehienez, hiru urtekoa.

Ziur Lehen Enplegu Gaztea-Lehen Aukera programa entzuna izango duzula. Aldibaterako kontratua da. Nori dago zuzenduta? 30 urte baino gutxiagoko gazteei, lan esperientziarik ez dutenak, edo, izatekotan, hiru hilabete baino gutxiagokoa dena. Kontratu honek enpresa txiki eta ertainek eta autonomoak diren pertsonek kontratazio berriak egitea bultzatzen du, diru-sariak eskuratu baititzakete.

Gainontzeko izendapenak hurrengoetan kokatu ditzakegu; aldi baterako kontratuaren barruan, adibidez, hurrengoak aurkitu ditzakegu: obra edo zerbitzu kontratua (obrak irauten duen denbora irauten du, 6 hilabete gehienez), ekoizpen gorabeherengatiko behin-behineko kontratua (lan pilaketa, gehiegizko eskaera eta antzeko egoerei erantzuna emateko) eta bitartekotasun kontratua (hautatze prozesu bat indarrean dagoen bitartean ordezkapenak egiteko edo lanpostu bat betetzeko).

Pasa den urtean Gazteen Euskal Behatokiak gazteriari buruz egindako ikerketak Euskadiko kontratazio ezaugarriei buruzko informazioa eman zuen:

  • Gazte soldatapekoen % 57k aldi baterako kontratua dute. Euskadiko soldatapeko guztiak hartuta, % 24 dira aldi baterako kontratua dutenak. Zertxobait handiagoa da behin-behinekotasun tasa gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino.
  • Lanaldi partzialeko enplegu-tasak astean 30 ordutik beherako lanaldia duten gazte landunen ehunekoa adierazten du. Gora egin du tasa horrek, bereziki emakumeen artean (% 37,5, gizonezkoen %24ren aurrean).

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera