Zer suposatzen du etxetik ateratzeak? Zer hartu behar dugu kontuan? Zeintzuk dira abantailak eta eragozpenak? Merezi du beste hiri batera joatea, etxetik eta maite ditugun pertsonengandik urrun?

Unibertsitateko ikasketak kanpoan burutzeak, izan atzerrian zein beste autonomia erkidego batean, aldaketak dakartza; horregatik, hainbat puntu garrantzitsu hartu behar dira kontuan:

  • Aurrekontua: alderdi garrantzitsuena da. Kostua handia izan daiteke eta areagotu egin daiteke tokiaren edo unibertsitatearen arabera (publikoa ala pribatua) eta ostatuaren arabera (egoitza, pisu partekatua…), egunerokotasunean agertzen diren gastuak eta garraioari dagozkionak ahaztu gabe.
  • Erantzukizun berrien garapena: diruaren kudeaketa, mantenua (kasuaren arabera, elikadura eta etxearena), hartu beharreko konpromisoak dira, norberaren osasunarenak barne.
  • Egokitzapen pertsonala: etxetik ateratzeak aldaketa sakona dakar, familia eta lagunak kilometro askotara gera daitezke, esparru pertsonala murriztu daiteke eta gune berriko bizikidetasunak ezarritako bizikidetzarako arauen onarpena eskatuko du.
  • Baldintzak betetzea, izapideen kudeaketa, eskaerak, besteak beste, bisak, tituluen homologazioa; eta hizkuntza probak gainditzea, bereziki ikasketak atzerrian egiten badira.

Etxetik kanpo ikasteak onurak ekartzen ditu: hizkuntza bat ikastea modu errazean eta naturaltasunez (atzerriko herrialde bat baldin bada edo berezko hizkuntza duen beste erkidego bat), lagunen sarea zabaltzea, ikasteko beste metodologia batzuk ezagutzea, bizitzeko beste ohitura batzuk ezagutzea, bizi esperientzia pertsonala eta paregabea izatea, lanerako aukerak zabaltzea eta abar.

Honetaz gain, ezin dugu ahaztu osagai emozionala. Badira aldaketetara azkar egokitzen diren pertsonak eta etxetik ateratzea askatasunerako pauso bezala bizitzen dutenak, baina badira beldurra sentitzen dutenak ere ezaguna ez duten hirira heltzen direnean. Kasu hauetan gomendagarria da egokitzapena lasaitasunez hartzea eta adiskide berriak egiten saiatzea; jende asko egoera berean izaten da, eta, gainera, teknologia berriek (Skypek, mezularitzak,…) maite dituzun pertsonekiko kontaktua errazten dute.

Kanpoan ikastea garai berri baten hasiera izan daiteke, ilusioz beteriko aukera oso aberasgarria.

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera