Maite Suso (karetaduna) haur eta auzolandegi kideekin

Maite Susok egun 20 urte ditu (1997) eta Italian, Reggio Emilia izeneko herri txiki batean bizi da Erasmus beka batekin bertara joan eta gero. Bederatzi hilabete egingo ditu Bolonia inguruan (ikasturte osoa) Lehen Hezkuntza Graduko ikasketak burutu arte eta ondoren, nork daki, zer norabide hartuko duen.

Maiteren esanetan bidaiatzea gauzarik gustukoenetakoa du eta, nola ez, horretarako ingelesa ezinbestekoa. Hori da Eusko Jaurlaritzak antolatzen dituen Auzolandegietan parte-hartzeko izan zuen motibazio nagusienetakoa. Egonaldia Mundakan igaro zuen bere adin inguruko beste 16 gazterekin batera.

1.- Zer nolako motibazioa izan zenuen 2017ko auzolandegietan parte hartzeko?

Niri izugarri gustatzen zait bidaiatzea, toki eta jende berria ezagutzea eta auzolandegiek hori guztia egiteko aukera ematen dizute. Horrez gain, ingelesa praktikatu nahi nuen eta hori dela eta Mundakan egin ziren Busturialdeako auzolandegietan izena eman nuen.

2.- Zer nolakoa izan zen esperientzia? 

Ezin hobea! 2017koa nire bigarren urtea izan zen Mundakako auzolandegian eta errepikatu badut zerbaiteagatik izan da, ez? Egia esan, Lehen Hezkuntzako ikasketak egiten ari naiz eta eroso sentitu nintzen 7 eta 13 urteko haurrekin. Egun oso ederrak izan ziren.

3.- Eta egunez eguneko lana?

Edozein udalekutan egiten den antzera, goizetan hasi eta gaua arte ez genuen atsedenik izaten. Goizak begirale lanetan aritzen ginen gure ardurapean zeuden haurrekin eta horrelako egonaldietan ohikoak diren ekintzekin ederki pasatzen genuen: eskulanak, tailerrak, mendirako zein hondartzarako txangoak…

Arratsaldetan, berriz, gu bihurtzen ginen haur eta ingelesa praktikatzeko hainbat joko egiten genituen. Inguruko herrietarako irteerak eta txangoak ere asko gogoratzen ditut. Busturialdea oso zonalde polita da, izugarri gauza ditu ikusteko eta disfrutatzeko eta edonori sutsu gomendatzen diot.

4.- Ingelesa beti ardatz zenutela…

Bai, hala da. Udaleku hauetako ardatz nagusia ingelera da. Kontuan hartu auzolandegi hau nazioartekoa zela eta gure artean komunikatu ahal izateko hizkuntza amankomun bat erabili behar genuela. Hori noski, ingelesa izan zen. Gaur egun ingelesa menderatzea eta erabiltzea ezinbestekoa da, guztiz globalizaturik gaude eta edonon eskatu ahal digute, batez ere, lan munduan.

5.- Horixe ba! Edonon, Gaztelugatxe bertan, ez?

Ja, ja, ja. “Game of Thrones” telesailean Gaztelugatxe atera denetik guztiz masifikatzen ari da. Munduko hainbat tokitatik etortzen dira turistak hura ezagutu nahian eta bai, behin baino gehiagotan turistekin hitz egin behar izan genuen ingelesez hainbat argibide emateko. Hala ere, toki izugarri polita da eta pausorik ezin eman arren, ahal dudan beti bertara joatea gomendatzen diot edonori. Horrez gain, Mundaka herrian bertan Nazioarteko Musika Jaialdi bat antolatu zen gu auzolandegian geundela eta horrek ere, bisitari eta atzerritar piloa erakarri zuen.

6.- Gogotsu hitz egiten duzu zure auzolandegietako esperientziaz. Zer esango zenieke aukera izan eta bertara joatea pentsatzen ari direnei?

Ez dezatela bi aldiz pentsatu. Esperientzia izugarri aberasgarria da eta gainera lagun piloa egiten duzu bertan. Nire helburua ingelesa ikastea eta haurrekin udaleku baten parte-hartzea izan bazen ere, jakin banekien jende berri eta jator asko ezagutu nuela, toki berriak ikusiko nituela eta, nola ez, oso odo pasako nuela.