“Aizu, zein zuri zauden, aurpegi txarra daukazu. Ea eguzkiak pixka bat ematen dizun”, “Ez zaude ikasteaz nekaturik?”, “Berriro aurkeztuko zara?”, “Ziur zaude egiten ari zaren sakrifizioagatik saria izango duzula?”, “Saiatzen denak lortzen du”, “Ufffff… nik ezingo nuke”… hauek eta antzerako esaldiak entzun ditzake oposizio bat prestatzen ari den edonork.

Egia da oposizio bat prestatzeak esfortzu pertsonal handi eta garrantzitsua eskatzen duela, hortaz, antolatzea komeni da, programazio bat burutzea; egokia izaten da zure egoera berean dauden beste pertsona batzuekin prozesua partekatzea ere eta aztertzea atentzio handiz norberaren egoera pertsonala zein familiarra egokitu ote daitekeen.

Edukiak argitzea komeni da: Lan Eskaintza Publikoa (LEP) administrazio publikoek beteko dituzten plazen gainean egiten duten iragarpena da; deialdia, aldiz, izen-emate prozesua irekita dagoen epeari dagokio eta prozesua irekitzen den unea da. Lan poltsa publikoa itxaron zerrenda baten parte izatea da, non administrazio publikoan aldi baterako lana lor daitekeen; ohikoenean deialdi publikoa egiten da zerrendetan sartu ahal izateko.

Berri on bat dago: garai batean krisiak erabat murriztu zuen lan publikoko eskaintza; orain, epe luzerako lanpostu bat lortzeko interesa dutenek aukera gehiago topatzen dituzte; Osasun zein Hezkuntzako sailak merkatuan lan postu ugari eskaintzen ari dira.

Erabaki baduzu gaitasuna eta gogoa duzula oposizio batera aurkezteko, hau izan beharko duzu kontuan:

  • Zein den eskatzen den titulazioa (eskatzen den minimoa DBH da); zenbat eta maila handiagoa, esfortzua orduan eta handiagoa izango da.
  • Zein administrazio eremutan aurkeztu nahi duzun (lokala, probintziala, autonomia erkidegokoa, estatala, europarra).
  • Zenbat plaza eskaintzen diren aurkezten diren pertsona kopuruarekiko.
  • Zein den gaitegiaren eskuragarritasuna; beti ez da erraza gaitegiaren gai espezifikoak lortzea eta badaude akademietara joaten direnak.
  • Zenbat denbora eman beharko duzun ikasten eta benetan posible ikusten duzun.
  • Zenbateko maiztasuna duten deialdiek aukeren maila kalkulatu ahal izateko.
  • Zerrenda batean geratzeko aukera zenbatekoa den, plaza lortu ezean, baina oposizioa gaindituz gero.

Animo! Motibazio eta esfortzuarekin helmugara helduko zara.

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera