Estibaliz Garrido 26 urteko gasteiztarra gizarte langilea da eta familiekin lan egitea gustatzen zaio, batez ere umeekin. Bere denbora liberan lagunekin kanpoko ekintzak egitea gustatzen zaio, hala nola, hondartzara joatea, paseatzea eta batez ere dantzan egitea. Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren baitan Hondurasen dago momentu honetan. Bertatik erantzun dizkigu galdera batzuk.

Zer dela eta parte hartzea erabaki zenuen Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan?

Aspaldidanik buruan nuen boluntariotzaren inguruko zerbait egitea, baina ikasketak eta lana medio, ez nuen lortzen halakorik egiteko denborarik. Lankide batek eman zidan programa honen berri eta izena ematea erabaki nuen, alde batetik langabezian nengoelako eta bestetik aukera paregabea iruditu zitzaidalako. Nolanahi ere, nire formakuntza praktikan jartzeko aukera, “beste mundu bat” ezagutu eta ulertzeko aukera izan ziren nire motibazioak.

Hondurasen zaude koperante gisa laguntzen, esan iezaguzu nolakoa den zure eguneroko jarduna

Serso Honduras nahiko erakunde handia da, eta hainbat proiektu garatzen ditu, aldi berean. Nire lankidea eta biok Giza Eskubideen inguruko proiektu berri batean parte hatzen ari gara. Proiektua komunitate ezberdinetako pertsonen heziketan oinarritzen da, hala nola, giza eskubideen, generoaren, gizarte-garapenaren, haurtzaroaren inguruko gaiak landuz. Gure eguneroko jardunean komunitate eta eskola ezberdinak bisitatzen ditugu eta tailerrak egiten ditugu emakume eta gazteekin. Honetaz gain, ur eta saneamendu kanpainetan parte hartu dugu.

Ia bi hilabete daramatzazu Hondurasen, zer aipatuko zenuke orain arteko esperientziaz?

Ez nuen inoiz Europatik kanpo bidaiatu eta dena da berria eta harrigarria niretzat. Momentu on eta txarrak pasa ditut hemen nagoenetik. Zenbait egoera ez ditut ondo ulertzen baina pazientzia ez galtzen ahalegintzen naiz, egoera aldatu ezin dudanean ez frustratzen. Bizi ditudan egoeretatik ikasten ari naiz eta egia esan esperientzia honek ematen dit horretarako aukera.

Zer eman eta zer jaso duzu koperante gisa?

Elkartruke bat izaten ari da. Ni ez naiz ikasten ari naizen bakarra esperientzia honetatik, beraiek ere nigandik  pentsatzeko modu ezberdinak ikasten ari dira. Baina orokorrean uste dut ematen duzuna baino gehiago jasotzen duzula. Jendearen maitasun eta adeitasunarekin geratzen naiz.

Hilabete barru etxera bueltatuko zara, aldatua bueltatuko zarela uste duzu esperientzia honi esker.

Zalantzarik gabe bai. Oraintxe bertan lanean buru belarri gustura nagoenez ez naiz bueltan pentsatzen ari. Baina zalantzarik gabe pertsona moduan hazita bueltatuko naiz, nire burua hainbat alorretan hobetuta.

Gomendagarria dela pentsatzen duzu programa hau gazteentzat? zergatik?

Duda gabe. Alde batetik beste errealitate batzuk ezagutzeko, aurreiritziak ezabatzeko eta gure pentsaera zabaltzeko aukera ematen duelako. Eta bestetik, hiru hilabetez herrialde zoragarrien kultura eta ohiturak barrutik barneratzeko aukera duzulako.