Maria Gimenez  27 urteko ordiziarra da. Musika Hezkuntza, Haur Hezkuntza eta Gorputz Heziketako ikasketak eginak ditu. Argazkilaritza atsegin du, inguruan gertatzen dena irudi bihurtu eta betez ere pertsonak erretratatzea. Euskadiko Gazteak lankidetzan programari esker Hondurasen dago 3 hilabetez, bertako proiektu batean laguntzen. Gogotsu azaldu digu bertako esperientzia.

Zer dela eta erabaki zenuen parte hartzea Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan?

Egunerokotasunean dudan errealitatetik atera eta munduan beste puntan dagoen herrialde bateko pertsonekin bizitzea eta konpartitzea nuen helburu, beraz, aukera paregabea suertatu zitzaidan proiektu honekin

Hondurasen zaude koperante gisa laguntzen, esaiguzu nolakoa den zure eguneroko jarduna

Jutiapa izeneko herri batean bizi naiz eta bertako San Viator eskolan dihardut irakasle lanetan. Nire jarduna, goizetan 5 urteko haurren ikasgelan laguntzea eta arratsaldeetan laguntza gelan irakurketaren ulermenarekin zailtasuna dutenei laguntzea eta matematikan laguntzea da.

Ia bi hilabete daramatzazu Hondurasen, zer aipatuko zenuke orain arteko esperientziaz?

Ezin da hitzez azaldu benetan momentu oro sentitu dudana, izan ere, bertan bizitako egun bakoitza opari bat da. Eskolako haurrek ematen didaten maitasuna neurgaitza da, plazer bat da beraiekin lan egitea eta ez ditut berehala ahaztuko. Komunitatearen ongietorria ikaragarria izan da, inguruko paisaia zoragarria da eta zer esanik ez bertako produktu freskoak… Paradisua ezagutu dudala esan dezaket.

Zer eman eta zer jaso duzu koperante gisa?

Eman… barru barrutik ateratzen zaidana; interesa inguruko pertsonekiko eta maitasuna. Jaso… dena! Ikaragarri ikasten ari naiz inguruko pertsonekin, bertako bizitza filosofiarekin, haurrekin… “

Hilabete barru etxera bueltatuko zara, aldatua bueltatuko zarela uste duzu esperientzia honi esker?

Bai, izan ere, nire ustez, pertsonak bizi izandako momentu desberdinek egiten gaituzte gaur garena, beraz, nola ez horrelako esperientzia aberasgarri bat bizi ondoren!

Gomendagarria dela pentsatzen duzu programa hau gazteentzat? zergatik?

Bai, askotan buruan bueltaka darabilzkigun ideiak aurrera eramatea kosta egiten zaigu eta proiektu hau bultzadatxo ederra dela esango nuke. Heldutasuna lantzen da eta pila bat ikasi aspektu guztietan.