Euskal gamer komunitateak urte batzuk daramatza sareko jardunean eta horren adibide da Game Erauntsia egitasmoa. 2014an sortu zuten ekimena  lagun giroan eta beraien webgunean, bideojokoei buruzko albisteak, berrikuntzak, txapelketak eta web telebista saio bat erakusgai dute euskaraz. Euskaldunek ere zeresana badutela jokoen munduan erakutsi nahi dute. Komunitateko arduradunek gure galderei gogotsu erantzun diete.

Noiz hasi zineten Game Erauntsia egitasmoa martxan jartzen?

Egia esan ideia aspalditik genuen eta 2013ko eposta truke bat gordeta daukagu, baina benetan forma 2014ko udan hartu zuen eta ofizialki edo martxan urte horretako irailaren 1ean hasi ginen.

Gaur egun,  gamer komunitate euskaduna biltzea lortu duzue Game Erauntsia plataformari esker, zeintzuk dira webgunearen atalik “arrakastatsuenak” eta esanguratsuenak (telebista, bloga, foroa, jokoak…)?

Gezurra esango genizueke atalik arrakastatsuena webgunean dagoela esango bagenizuen. Izan ere, Telegram mezularitzan daukagun talde irekiak dauka txinparta gehiena. Egunero mezu zaparrada bat partekatzen baita. Baina, webgunea gune zentrala da eta blogak, bideo iruzkinduek (gameplay) edota txapelketek indar handia dute baita.

Gazte asko dago proiektuaren atzean momentu honetan?

Bai, denok gazteak garela esaten dugu (kar, kar, kar). Zaila da adin tartea asmatzea, izan ere ezizen baten atzean ezkutatzen da jendea. Baina erabiltzaileak duen joera eta beste zenbait daturi erreparatuta esan genezake 12 urtetik hasi eta 40 ingurura bitarteko taldea osatzen dugula.

Aurkezpen ugari egin dituzue: Durangoko Azokan, Euskal Encounterren, Korrikan… garrantzitsua al da bideojokoen munduan euskaldunak ere badirela azaldu eta erakustea?

Oso garrantzitsua. Hasiera hasieratik izan da hori helburua. Batez ere ezinbesteko bi ideia azaleratzen dituzulako horrekin: euskaraz aisialdia posible eta dibertigarria dela eta bideojokoak garatzen dituztenek publiko euskalduna ere badutela.

Bideojokoetan mutilak direla nagusi esan ohi da, Game Erauntsian neskarik ba al dago komunitatean?

Badaude bai, baina egia da gutxiengoa direla oraindik. Zorionez pixkanaka taldearen erabaki guneetara iristen ari dira eta gerora Game Erauntsia beraren izateko modua irauliko duten kimuak badaude.

Euskal Herrian bideojokoekiko zaletasun handia atzematen duzue?

Bai, Euskal Herria ez dago mundutik aparte eta guk uste dugu fenomeno global baten aurrean gaudela. Askotan, bideojokoez daukagun irudiak ezkutatzen digu fenomenoak duen tamaina. Mugikorretako Candy Crush edo Facebookeko minijokoak bideojokoak direla ahaztu egiten zaigu. Nor ez da inoiz honelako joko batera biziatu?

Jokalariak hala bideojoko garatzaileak gara gehiago euskaldunak?

Jokalariak, dudarik gabe. Euskal Herrian bideojokoak garatzen berandu xamar hasi gara eta oraindik ere alor horretan industria asko garatu gabe dagoela uste dugu. Bide luzea dugu oraindik ere bideojokogintzan.

Etorkizunari begira zeintzuk dira buruan dituzuen proiektu eta egitasmoak?

Momentu honetan proiektua eutsi eta esku artean ditugun lanak egonkortu nahiko genituzke. Proiektu bat martxan jartzea baino iraunaraztea zailagoa izaten da askotan eta gurean bezala borondatezko lana denean are gehiago. Durangoko azoka, Mondragon unibertsitateko txapelketa edota horrelako ekitaldiak urteroko ohitura bihurtzea gustatuko litzaiguke.

Besterik gehitu nahi baduzue aurrera!

Gure proiektura gerturatzea, parte hartzera, esku artean duguna indartzera edota ideia eta proiektu berriak planteatzera gonbidatzen zaituztegu! Bideojokoak gustuko dituzten eta lagun berriak, jende interesgarria, jatorra… bilatzen duen edonorentzat irekiak gaude 😀

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Argazkiak: Game Erauntsiarenak