Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko abeslaria gertutik ezagutu nahi izan dugu eta bere aisialdiaz galdetu diogu. 26 urteko edozein neskak gustoko dituen gauzak egiten ote ditu?  Gainera Gazte-txartelari esker berarekin eguna pasatzeko martxan den ekimen baten berri ere eman dugu.

Diskoak, kontzertuak, telebistako saioak… denborarik baduzu aisialdiaz gozatzeko?

Egia esan, azken hilabeteetan oso denbora libre gutxi izan dut. Bai Hesianen eta baita telebistako lanetan ere buru belarri ibili naiz, eguneko ordu gehienak bietan ematen. Hala ere, beti saiatzen naiz niretzako tartetxo bat ateratzen, gustatzen zaidan hori egiteko denbora hartzen.

Oporretan zer egitea gustatzen zaizu?

Bidaiatzea! Toki berriak ezagutzea, deskonektatzea… eta bide batez, familiarekin eta lagunekin egoteko denbora hartzea.

Gazte-txartela erabiltzen duzu zure erosketak egiteko orduan? Zeintzuk dira zure gustuko abantaila nagusiak?

Bai, noski! Egia esan, txartela hainbat esparrutan erabiltzeko eta bere abantailez gozatzeko aukera dagoenez, edozein gauzarako primeran etortzen zait. Hala ere, esparru bat aukeratzekotan, kultura arloan dituen abantailak azpimarratuko nituzke.

Berriki,  zozketa bat jarri du Gazte-txartelak abian eta saria Hesian taldeko kideekin eguna pasatzea izango da. Sariaren nondik norakoak kontatzerik baduzu?

Alde batetik, gure taldeak argitaratu berri duen disko sorta bat zozkatzen dira sinatuta, eta bestetik, ekainaren 18an, Bastidan ospatuko den Araba Euskaraz egunean, taldearekin eguna igarotzeko aukera (gurekin bazkaldu, kontzertu aurretiko uneak bizi, elkar ezagutu…).

Itzelezko aukera izango da Hesian taldea gertutik ezagutzeko, ezta?

Noski! Ziur nago arratsalde politta igaroko dugula denok batera eta elkar ezagutzeko aukera bikaina izango dela.

Ekainaren 18an, Araba Euskarazen egongo zarete, ( 4 gazte irabazlerekin batera) zelako giroa espero duzue bertan?

Halako jaialdietan beti jende mordoa elkartzen da euskararen alde, beraz, ziur nago, urtero bezala, aurten Bastidan ere sekulako giroa sortuko dela, eta gu han izango gara gure musikarekin egunari martxa pixkat jartzeko

Udari begira kontzertu bira izango duzue Hesian taldeko kideak, zein da zuen kontzertuen egutegia?

Uda ederra datorkigu! Agenda topera dugu eta desiatzen gaude furgoneta hartu eta Euskal Herri osoa zeharkatzeko. Gure hurrengo geltokiak hauek dira: Iruñea, Mungia, Beasain, Zamudio, Oleta, Tolosa, Bastida, Bedia…

Telebistan, musikan…..etorkizuneko proiekturik aurreratzerik baduzu?

Momentua bizitzea gustatzen zait eta etorkizunean etorriko dena ongi etorria izango da, baina orainari arreta jartzea gustatzen zait. Momentuz, Bagoaz saioarekin amaitu berri dugu eta orain, ekainerarte, 3Txulo saioarekin jarraituko dugu. Bestetik, Hesianekin jo ta fuego jarraituko dugu plazaz plaza, eszenatokiz eszenatoki, gure diskoa berria aurkezten… eta lehen aipatu bezala, hemendik aurrera etortzen dena etortzen dela, besoak zabalik jasoko dut!