Passepartout taldeak Gaztea Maketa Lehiaketaren entzuleen saria lortu du eta GazteBizHitzaren eskutik 2.500 euroko saria jasoko du. Horretaz gain talde Azkoitiarra Bilboko Kafe Antzokian izango da Maketa lehiaketaren final handian lehiatzen apirilaren 27an.

Taldea osatzen duten protagonistekin hitz egiteko aukera izan dugu sariak suposatu duenaz eta taldekideen inpresioez.

Aurkeztu pixka bat taldea nortzuk osatzen duzuen eta zelako musika egiten duzuen (zuen erreferenteak estilo aldetik etb.)

Passepartout Itzi Beitia, Jontxu Ape,  Ruben Lizarralde, Tomas Lizarazu, Xabi Arrieta eta Mikel Iraetak osatzen dugu. Estilo aldetik Pop-Rocka egiten dugula esan genezake, baino talde berria izanda, asko esperimentatzen ari gara oraindik eta gure soinua definitzeko bidean gaude.

Taldearen izena bitxia iruditu zaigu, nondik dator?

Bi arrazoi nagusi daude izenaren atzetik. Batetik belarritik ondo sartzen da eta proiektu musikal bat izanda entzuterakoan atsegina egitea ezinbestekoa deritzogu. Bestetik esanahiak garrantzi handia du;  Passepartout-a koadro baten eta markoaren artean dagoen zati zuria da, beharrezkoa den hutsunea eta obra  txiki bat handi egiten duen ikusezin hori. Oso esanahi ederra da eta taldekideok gustuko dugu.

Belatz kantarekin lortu duzue publikoaren GazteBizHitza saria, zer transmititzen du kantu honek zuentzat?

Guztia sentsazio kontua da, guretzat Belatz kasu honetan energia da. Bai musikalki eta bai esanahi aldetik. Kantu hau jotzen hasten garenerako gorputz osoa mugitzen hasten zaigu eta barru-barruan sentitzen dugu. Estribilloak bere aldetik indar handia dauka eta kantuari osotasuna ematen dio.

Espero zenuten saria eta zer suposatu du beronek?

Inongo pretentziorik gabe aurkeztu ginen txapelketara eta lehenengo hautaketan hogei talderen artean egotea dagoeneko saria izan zen guretzat. Horren ondoren bozkaketak amaitu eta lehen postuan klasifikatu ginela ikustea guretzako bultzada izugarria eta motibazio iturri handia izan da. Oso eskertuta gaude bozkatu gaituen jende guztiari eta lagundu diguten komunikabideei.

Bilboko Kafe Antzokian emango duzue laster kontzertua (apirilaren 27an), zein da zuen helburua bertan?

Gure helburua dudarik gabe disfrutatzea da. Izugarrizko oparia da guretzat Kafe Antzokia bezalako toki baten jotzea Gaztea maketa lehiaketako finalean eta gainera aurten dauden taldeekin eskenatokia konpartitzen. Kontzertuaren garrantzia kontutan hartuta, urduritasunak albo batera utzi eta dena ematea dugu helburutzat.

Eta hemendik aurrera zer egiteko asmoa duzue, udaran kontzertu birarik egingo duzue?

Momentuan oso pixkanaka ari gara kontzertuak lotzen eta ez daukagu proiekzio handirik udarara begira.  Hala ere espero dugu maketa lehiaketaren kontu guzti honek bultzadatxo txiki bat ematea kontzertuak lotzeari dagokionez.

Animo mezuren bat talde gazteentzat ematerik baduzue?

Oraindik behintzat gu geu ere talde gaztea gara, orain dela oso gutxi (urtarrilean) hasi gara kontzertuak ematen. Agian talde bat lehenengo aldiz sortzen ari direnentzat, disfrutatzeko esan geniezaieke. Kantuak sortzeko beraiek sentitu ahal izateko eta gozatzeko, gero gerokoak.

YouTube Preview Image