Gema L

Gema Lauzirika Oribek irabazi du 2017ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan kartel lehiaketa eta bidaia paregabe bat egiteko aukera izango du sari gisa. Nor da baina Gema? Elkarrizketa egin diogu gertutik ezagutzeko.

Zuri buruz zerbait kontaiguzu

Barakaldokoa naiz, 29 urte ditut eta kazetaritza ikasi nuen. Karreran zehar nire benetako bokazioa eta pasioa aurkitu nituen, diseinu grafikoa alegia, eta goi mailako gradu bat ikusi ostean orain lan bila ari naiz. Duela gutxi arte Barakaldoko Gobernuz kanpoko erakunde batean (KCD-ONGD) egon naiz lanean. Gure ekintza nagusia Cine Invisible-Film sozialak nazioarteko jaialdia antolatzea izan da. Kirola, mendia, argazkilaritza, musika eta batez ere bidaiatzea dira nire zaletasun nagusiak.

Zer dela eta parte hartu duzu Euskadiko Gazteak Lankidetzan kartel lehiaketan?

Hainbat kartel lehiaketetan parte hartzen dut, sormen lanean jarraitzeko pizgarri bat baitira lehiaketa hauek. Baina lehiaketa honek ilusio berezia egiten zidan, saria paregabea zelako, bidaia bat alegia. Gainera lankidetza gaia plus bat da niretzako.

Ezagutzen duzu EGL programa?

Bai, ezagutzen dut. Joan den urtean Nerea Cabrera nire laguna Nikaraguan izan zen programari esker.  Bere esanetan oso esperientzia ona bizi izan zuen,  begiak zabaldu eta beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera eman zion. Ez da gauza bera munduan gertatzen denaren berri izatea edo bertatik bertara errealitatea bizi eta sentitzea. Nahiz eta topikoa dirudien arren bere bizitza aldatu dela dio nire lagunak, eta egun, bere lehentasunak aldatu egin direla Nikaraguan bizi ostean. Edonola ere bere bizipena itzela izan zela dio.

EGL_web_ona

Zer iradokitzen duela uste duzu zure kartelak eta leloak?

Irudia Hampin, Indian atera nuen argazki bat da. Izugarrizko leku ederra zen berau, natura eta aztarna arkeologikoz inguraturikoa. Bertako jendea era itzela zen, eta momentu hori islatu nahi izan nuen argazkian. Guretzat ezezaguna den mundu bat irekitzen duen ate bat azaltzen da,  kolpatzen gaituela, baina aldi berean zoragarria izan daitekeena. Leloa ere bide horretatik doa. Atea zabaltzera ausartzeko gonbidapen bat  egiten digu, erosoa eta ezaguna dena utzi eta kultura berriak ezagutu eta beraietara gerturatzeko deia.

Saria espero zenuen?

Inola ere ez. Lehiaketa askotara aurkeztu naiz eta egia esan ez dut zorterik izan orain arte. Ezustean harrapatu ninduen sariak.

Nora joango zaren pentsatu duzu sariari esker?

Otsailera arte uste dut oraindik ez dudala jakingo zeintzuk herrialde hautatu ahalko ditudan, baina dena den, aurreko urteetako heldulekuak ikusita, buruari bueltaka hasi naiz dagoeneko. Salvador, Honduras, Guatemala, Chiapas… nire zerrendan daude.