Eneko-Axpe-2Artea, musika eta zientzia uztartzen ditu bere egunerokoan Maisha MC (1986) barakaldoar gazteak. DJ, musika ekoizle, euskal Hip Hoparen bultzatzaile zein irratiko esatari gisa aritzeko ez du inolako arazorik. Bere alde artistikoaz haratago Maisha Fisikan doktorea ere bada. Egun, Cambridgeko Unibertsitatean ikerketa lanetan ari da. Itsasoa tarteko nola bizi duen bere egunerokoa Euskal Herritik urrun jakin nahi izan dugu.

Noiz joan zinen Cambridgera eta zertan ari zara zehazki?

Laster urte bat beteko dut Cambridgeko Unibertsitatera etorri nintzenetik. Europako Unibertsitate onena da, eta hori nabaritzen da. Prestakuntza ezinhobea eskaintzen digute ikerlarioi zentzu guztietan: laborategiak oso onak dira, hizlari bikainak datoz egunero zientziari buruzko “hot topic”-ei buruz hitz egiteko, beste hizkuntza bat dohainik ikasteko aukera ematen dizute (ni Txinera ikasten ari naiz), hitzaldiak emateko prestatzen zaituzte, nola idatzi zure curriculum vitae-a, nola prestatu lan elkarrizketa bat…

Ni fisikaria naiz eta nanomedikuntzan egiten dut lan. Etorkizuneko medikuntzan erabiliko diren material berriak diseinatu eta fabrikatzen ditut.

Nolakoa da zientzialari artista baten bizitza Inglaterran?

Egunero Unibertsiatatera noa, eta lan handia egiten dut bertan. Eta gero, arratsaldeetan eta asteburuetan, nire obra artistikoarekin jarraitzen dut: musika elektronika eta hip hop-a egiten dut, bideoklipak eta laburmetraiak grabatzen ditut…

Maisha_wikipedia

Musikari edo arteari loturiko proiektu berriak sortzeko aukera izan duzu Cambridgen?

Cambridgen jai asko antolatzen dira College, pub eta club-etan, munduko ertz guztietako gazte pilo datozelako. Orain, Zambiako lagun batekin pintxatzen dut asteburu batzuetan, elektronika eta musika beltza.

Melanie Manchot, Londonen bizi den artista bisualarekin kolaboratzen ari naiz bere azkenengo proiektu artistikoan.

Eta, distantziatik, “Euskara Rap” dokumentalaren lehen pausoak ematen ari naiz, Rayco euskarazko rap abeslariarekin.

Arteak eta Zientziak badute antzekotasunik zure ustez?

Esate baterako, Artscience deituriko laborategi bat dago Harvarden, artea eta zientzia uztartzen dituena. Gero, artistak hartzen dituzte eta Fisikako departamentuetan jartzen dituzte lanean, bi urtez, esate baterako. Fisikan erabiltzen diren teknikak, artistek erabili ditzakete beraien obrak egiteko, eta bertan inspiratu egiten dira. Honela, ideia berriak diseinatzen dituzte zientziaren muturrean dauden kontzeptuak erabiliz, arte berritzaileena egiteko.

Erresuma Batuan ere artea eta zientzia batzeko programa pilo bat daude. Kasu batzuetan artistek (artista grafikoek edo ilustratzaileek) zientzialariak laguntzen dituzte beraien emaitzak azaltzeko marrazkien bidez, erakargarriagoak egiten publiko orokorrari. Artistek zientzia dibulgatzen lagundu dezakete, beraz.

Eta gogora dezagun zientzialari asko artistak izan zirela ere… Leonardo da Vinci, esate baterako!

Fisika inspirazio iturri al da zuretzat artean?

Bai! 2013. urtean “Ederra da” dokumental laburra egiteko ideia izan nuen, hurrengo galderari erantzun nahian: “zergatik da zientzia ederra?”. Azkenean, Elhuyar eta Donosti Internation Physics Center-rek sari bat eman ziguten eta guzti!

Eta astero erabiltzen dudan AFM-a (indar atomikozko mikroskopioa), inoiz teknika bezala erabiltzea gustatuko litzaidake argazki erakustaldi bat egiteko, esate baterako.

Eta zein nahiago duzu, bata edo mikroa?

Nire bi zutabe nagusiak dira. Seguraski, sormena da nire trebezia handiena, sormen handiko pertsona naiz. Eta bai zientzian eta baita artean ere, sormena ezinbestekoa da.

Gehitzekorik baduzu?

Elkarrizketa hau irakurtzen dagoen gazteari esan nahi diot; benetan gustoko duzuna ikasi. Lan “merkatua” aldatzen doa, baina pasioa zure baitan dago. Zure pasio hori behar bezala garatzen baduzu, noizbait, zure lana bilakatuko da. Irakurri pila bat, bidaiatu ahalik eta gehien… Bizi bihar hilko bazina bezala, eta ikasi betiko bazina bezala!

Abesti honetan, Patrol Destroyers taldeak, IZARO, kantautore euskaldunaren kolaborazio berezia izan du.