17ª Viñeta - Estudiar y trabajar (2)“Gastuei aurre egiteko dirua lortzen dut”, “ez da nire bizitzako lana, baina garai honetan laguntzen dit”, “gurasoek ezin dituzte nire ikasketak ordaindu”, “etxetik ateratzea erabaki dut”…

Gero eta ikasle gazte gehiagok egiten du lan eta ikasi, aldi berean, aurrera egin ahal izateko. Lanik ohikoenak arlo hauekin lotuta egoten dira: ostalaritza, adingabekoen zaintza, gazteentzako arropa dendak, klase partikularrak, etxez etxeko janaria, supermerkatuetan kutxazain edo apal-hornitzaile…

Bi eginkizun hauek (ikasi eta lan egin) bateragarri egin nahi dituztenentzat gauza argia da eskaintzen diren lanpostu guztiak ez direla baliozkoak, gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte: klaseekin eta ikasketekin bateragarria eta malgua izatea adibidez, edo  lan giro segurua izatea, gutxieneko baldintzak betez.

Era honetako lanek probetxu ekonomikoaz gain, trebetasunak garatzeko aukera aparta ere eskainiko dizute, hala nola denboraren eta ekonomiaren kudeaketa,eta  lan arloan elkarreragina; azken honek harremanak sustatzeko eta erabakiak hartzeko gaitasunak suspertzen ditu.

Oposaketak prestatzen dituztenen kasuan edo ikasten ari direnen kasuan uztaila eta abuztua izaten dira aparteko dirua ateratzeko hilabeterik preziatuenak. Udan zehar saltoki eta enpresa ugarik laguntza behar izaten du udako ordezkapenak eta beharrak asetzeko, hori dela eta,  denbora aisialdian eta atsedenean eman beharrean, lanaren aldeko hautua egiten da. Hona hemen lehen lanpostuaren inguruan bisita ditzakezun atarietako batzuk.

Garai honetan zure interesekoak diren lanak biltzen dituzten eskaintzak kontuan harturik, litekeena da zure curriculuma lan-merkatura egokitu behar izatea. Saia zaitez trebetasunei arreta jartzen, baita alderdi pertsonalak nabarmentzen ere (zirt edo zarteko pertsona zarela, aurrea hartzen duzun horietarikoa zarela, antolatua, erantzukizunak gain hartzen dituzula…). Elkarteren bateko partaidea edo kirolzalea bazara zure Curriculumean azpimarratzea gomendagarria da, besteengandik bereizteko modua baita, eta zer esanik ez hizkuntzen inguruko ezagutza, edozein lanetan beti mesedegarri.

Lana eta ikasketak aldi berean egiteak antolakuntza eskatzen du. Zure bizitza txukuntzea ezinbestekoa duzu. Zure ordutegiko hainbat tarte ezingo duzu aldatu, klaseko eskola orduak eta lanekoak, alegia; horregatik ikasteko, kirola egiteko eta jendearekin harremanak mantentzeko denbora planifikatzea komeni zaizu. Egin beharreko guztia idatz ezazu (lanorduak, azterketa datak, klaseko lanak, hitzorduak, erosketa-zerrenda…), eta eginkizunak burutu ahala zirrimarratu, gogobetegarri gertatuko zaizu.

Bukatzeko, etorkizunean ez duzu lantxo hauen erreferentzia zertan ezabatu zure curriculumean, ikasketekin lotuta ez badaude ere; kontratatuko zaituen pertsonak ikusi ahal izango du etxean geratu beharrean, benetan nahi zenuen lan hori heldu bitartean, bizimodua ateratzeko ahalegina egin zenuela.

gaztebizhitza_huts_txiki

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera.