Poliki-poliki, aurrera doa gure abentura, eta konturatzerako erdialdera iritsi da. Esperientziaz gozatu, eta kirol gehiago ezagutzeko parada izan dugu. Gurpildun aulkiko saskibaloiaz bertatik bertara gozatzeko aukera izan genuen atzo, eta erabat disfrutatu genuen. Giro bikaina zegoen harmailetan, eta entretenigarriak izan ziren ikusitako bi partidak.

DSCN3743

Lehenengoan, AEBek eta Herbehereek jokatu zuten, eta amerikarrak erraz gailendu ziren, urrezko domina lortzeko hautagai nagusiak direla berretsiz. Bigarren norgehiagoka, berriz, askoz orekatuagoa izan zen. Nor baino nor aritu ziren Britainia Handia eta Australia, eta azken laurdenean erabaki zuten lehia europarrek. Haiek izango dira Espainiaren aurkariak gaurko finalerdian -goizean irabazi zuen Asier Garciaren taldeak, eta partida handia jokatu zuen euskal herritarrak: 22 puntu egin zituen-. Gaur ere ahalegin handia egin beharko du, maila onekoak baitira aurkariak.

DSCN3730Markagailuaz harago, gauza batek baino gehiagok bereganatu zuen gure arreta. Ikusgarria da gurpildun aulkiko saskibaloia, asko mugitzen dira jokalariak, blokeoak eta abar eginez uneoro. Kontaktu bizikoa da lehia, eta behin baino gehiagotan amaitu zuten buruz behera jokalariek.

Saskibaloi pistatik kanpo, izugarri gustatu zitzaigun harmailetako giroa. Musika, dantza, hainbat kamera ikusleak enfokatuz… Erabat entretenigarria izan zen. Halere, badago nabarmentzeko alderdi negatibo bat ere. Antolatzaileek saldu dituzten sarrera batzuk ez dute zehaztua eserlekua, eta arazo dezente sortzen ditu horrek, nahi duen lekuan esertzen baita jendea, zehaztutako eserlekua duen sarrera erosi zuten jendearen kaltetan.

Bestelako kirolak ezagutzen jarraituko dugu gaur: errepideko txirrindularitza eta errugbia.

Image (2)

logoa_blogGOTeko blogariak (Urko Zabala Camino, Iñaki Lasa Etura, Nerea Gurrutxaga Zuatzubizkar eta Uxue Otxoa Alberdi) Paralinpiar Jokoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.