Sarreren salmenta izan da Paralinpiar Jokoen buruhauste nagusietakoa. Lau blogariok ere bagenuen kezka gai horren inguruan. Olinpiar Jokoak amaitu aurretik, antolatzaileek jakinarazi zuten sarreren %12a soilik saldu zirela. Hobe ulertzeko, Olinpiar Estadioko harmailetan 46.831 ikusle sartzen dira, eta sarrera kopuru horren arabera, 5.600 bat ikusle egongo lirateke soilik proba bakoitzean. Pentsa zitekeen, beraz, erraza zatekeela sarrerak lortzea.

Irudiarekin

Riora iristean baina, beste errealitate batekin egin dugu topo. Sarrerak erosteko bi bide ofizial daude: Internet bidez edo kirolak egiten diren lekuetan. Hiruna sarrera genituen bakoitzak Euskal Herritik atera ginenean, eta gure asmoa Rion bertan gehiago eskuratzea zen. Atletismoa ikusteko sarrerak lortu ditugu soilik, ezinezkoa egin zaigu besterik erostea. Harmailak beteta daude, beraz.

Aurrekoan, Amador Granados animatzen egon ginenean, harritu egin zigun brasildar kopuruak, atzerritar gutxi ikusi genituen. Badakigu hainbat eragilek #FillTheSeats kanpaina arrakastatsua abiatu zutela, eta baliteke horregatik egotea hain beteta harmailak. Esaterako, leihatiletan ez da sarrerarik gelditzen asteburuko kirol probetarako -azken asteburua izaki, finalak dira lehiaketa guztiak-.

Image-2 (2)Kirolik ikusteko aukerarik ez genuenez, postaletako Rio de Janeiro ezagutzea erabaki genuen. Alegia, Copacabanako eta Ipanemako hondartzak bertatik bertara ikustea. Negua izan arren, 30 graduren bueltan dabil termometroa. Hondartza luzeak eta xarmangarriak dira biak, nahiko antzekoak, nahiz eta Copacabana turistikoagoa dirudien. Biak ala biak pertsona ororen beharretara egokituta ikusi ditugu: komunak, hondartzan sartzeko baliabideak…

Brasildarrak kirolari amorratuak dira, eta horretaz jabetu gara hondartzan, futbol eta boleibol zelaiak egoteaz gain, fitnessa egiteko hainbat leku zeuden. Jokoetako denda ofizial handia dago Copacabanako hondartzan. Han sartu gara, produktuak begiratzera. Oso garestiak iruditu zaizkigu han ikusi ditugun prezioak, ez daude Rioko herritarrei egokituak.

Tom eta Vinicius

logoa_blogGOTeko blogariak (Urko Zabala Camino, Iñaki Lasa Etura, Nerea Gurrutxaga Zuatzubizkar eta Uxue Otxoa Alberdi) Paralinpiar Jokoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.