IMG_0668Rioko Paralinpiar Jokoetara abiatu dira GOT Rioko 4 gazteak gaur goizean. Rio de Janeiron izango dira irailaren 10etik 18ra bitartean Basque teameko kirolarien eta ekitaldi paralinpikoaren berri ematen. Gogotsu irten dira 4 lagunak eta joan aurretik galderatxoa egin diegu:

“Zer espero duzue Paralinpiar Jokoetatik?”

Urko Zabala

Kirolaz gozatzeko parada ezin hobea izango dela deritzot, goi mailako kirola Rio de Janeiro bezalako leku paregabe batean ikustea sekulakoa izango da. Joko Paralinpikoak lau urtean behin soilik izaten dira eta aukera hau aprobetxatu beharra dago. Hango berriak eta bizipenak ahalik eta egokien helarazten saiatuko gara.

Uxue Otxoa

Brasilera joateko gogotsu nago. Maila honetako ekitaldi batean egotea amets bat da askorentzat eta gertutik bizitzeko aukera izatea emozio ezberdinak esperimentatzeko aukera dela uste dut. Askok amets hori izaten jarraitzen duten bitartean nik buruan ezinezkotzat nuen zerbait bizitzera noa eta hitzez azaltzea zaila egiten zait. Momentuz lasai nabil, baina era berean pentsakor bertan zerrekin topo egingo dudan irudikatzen saiatuz. Kirolari paralinpikoei ezin izan diet orain arte merezi duten jarraipenik eman, eta ez dut asko jarraitu diziplina ezberdinak, baina AUKERA izugarria dut begi-bistan ditudan kirolari, entrenatzaile eta talde guztiei harrotasun osoz txalotzeko. Ez zait gustatzen zerbait espero izatea, askotan espektatibak ez direlako bere osotasunean aberasgarriak. Beraz, momentu oro inguruan izango dudana BIZI eta GOZATU nahi dut.

Nerea Gurrutxaga

Ikuskizun handi bat espero dut, kirola bere mailarik altuenean ikustea eta bizitzea. Horrez gain, kirolari euskaldunekin egoteko aukera izatea gustatuko litzaidake eta euren garaipenak ospatu ahal izatea. Ahalik eta gehien ikastea eta disfrutatzea da nire helburua.

Iñaki Lasa

Ororen gainetik esperientzia aberasgarria izatea espero dut. Etorkizunera begira, lau blogariok asko ikasiko dugulakoan nago, bai arlo pertsonalean, baita profesionalean ere. Merezi dutena baino askoz aitortza txikiagoa dute paralinpiar kirolariek, eta gure lanaren bitartez iluntasun mediatiko horri argia ematen saiatuko gara. Horrez gain, Brasilgo kultura interesgarria ezagutu ahalko dugu, Euskal Herrikoaren desberdina. Laburbilduz: kirola, kultura eta jarraitzeko ereduak. Hori guztia zuei kontatzea pribilegio hutsa izango da.