Berri pozgarria eman digu Asier Garciak, Bat Basque Teameko bigarren domina ziurtatu baitu. Espainia 69-63 gailendu zitzaion, atzo, Britainia Handiari, eta, ondorioz, finalerako txartela eskuratu du gurpildun aulkiko saskibaloian. Getxoztarra izan zen norgehiagokako izarretako bat, 19 puntu, 13 errebote eta 13 asistentzia lortuta. Amerikako Estatu Batuen aurka jokatuko dute finala, larunbatean, Euskal Herriko 22:30ean.

Basque Teameko kirolariak lortu duena ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan; Espainiako selekzioa lehen aldiz sailkatu da Paralinpiar Jokoetako finalera; Londresko Jokoetan bosgarren sailkatu ziren. Nabarmena da, beraz, selekzio horren bilakaera, urte luzez ereindako lanaren fruitua. Garciaz gain, Bidaideak Bilbao taldekoak dira selekzioko beste hiru jokalari, eta garrantzi handia izan dute finalerako bidean. Garciaren dominarekin Basque Teameko kirolariek bi domina eta diploma bat eskuratu dituzte oraingoz, uzta bikaina.

Garciarekin egoteaz gain errepideko txirrindularitza eta gurpildun aulkiko errugbia ikusteko aukera izan genuen atzo. Biak ala biak bereziak eta interesgarriak.

Gaur Iñigo Llopisekin egongo gara estilo libreko 50 metroko lasterketaren ostean.

DSCN3774

logoa_blogGOTeko blogariak (Urko Zabala Camino, Iñaki Lasa Etura, Nerea Gurrutxaga Zuatzubizkar eta Uxue Otxoa Alberdi) Paralinpiar Jokoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.