Rion gaude jada! 18:00etan iritsi ginen Barrako hotelera, baina bidaia luzea izan genuen aurretik.

Bilbotik atera eta Lisboan egin genuen lehenengo geldialdia, bertan Riorako hegaldia hartzeko. Portugalgo hiriburuko aireportuan Paralinpiar Jokoetan parte hartuko duten hainbat kirolari ikusi genituen hegaldia hartzeko zain, horien artean, Adrian Matusik eslovakiarra.

Rio1

Hamar orduko hegaldiaren ostean, Rioko aireportura iritsi ginen, nekatuta baina ilusioz beterik. Ondo antolatuta ikusi genuen dena, ez genuen ilara luzerik egin, eta uneoro ikusi genituen bolondresak laguntzeko prest. Horrez gain, konturatu ginen ohikoa baino komun egokitu gehiago jarri dituztela, ekimenaren beharrei erantzun ona emateko.

RIO-miliAireportutik irtetean, segituan ikusi genituen Rioko kontrasteak. Errepidearen alde banatan ikusten ziren favelak, jendea oinutsik, saltzaileak errepide erdian… Eta horien artean, bat-batean, Estadio Olinpikoa. Barra de Tijucara iristean, erabat aldatu zen paisaia: etxeorratzez betetako zonaldea da, turistei zuzendua. Baina ororen gainetik, militarren presentziak harritu gaitu. Aireportutik hotelerako ibilbidea tankez eta kamioiz osaturiko konboiak ikusi ditugu, eta nahiz eta bagenuen horren berri, ez genuen uste benetan horren presentzia handia izango zutenik. Errespetua eragiten du.

Bidaiatzen ari ginen bitartean, lehiatzen jarraitu zuten Bat Basque Teameko kirolariek. Ez zen haien egun onena izan. Asier Garciak galdu egin zuen gurpildun aulkiko saskibaloiko Espainiako selekzioarekin, eta Amador Granados 22. sailkatu zen 1.000 metroko pistako txirrindularitzako proban. Bat Basque Teameko kidea ez izan arren, Izaskun Oses nafarrak eman zuen eguneko albiste pozgarria: brontzezko domina lortu zuen atletismoko 1.500 metroko lasterketan. Gaur Amador Granados, Rakel Mateo eta Iñigo Llopis lehiatuko dira, eta gu belodromoan izango gara txirrindularitza proba bertatik bertara jarraitu asmoz.

Rio-favela

logoa_blogGOTeko blogariak (Urko Zabala Camino, Iñaki Lasa Etura, Nerea Gurrutxaga Zuatzubizkar eta Uxue Otxoa Alberdi) Paralinpiar Jokoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.