2016-08-11 23.50.30

Historia letra larriz. Historia Olinpiar Jokoetan. Lehen aldiz urrezko domina lortu du Maialen Chourrautek K1eko ur lasterretako proban. Eta gu lekuko zuzenak izan gara. Ez dugu berehalakoan ahaztuko Deodoroko kanal olinpikoan bizitakoa.

Zapore gazi-gozoarekin atera ginen azkenengo aldiz bertatik, Ander Elosegik ez baitzuen guk nahiko genukeen emaitzarik lortu. Baina gaur gauzak oso bestela izango zirela bagenekien, eta asmo horrekin hurbildu gara, dominaren esperantzari tinko helduta. Ikurrinez josi ditugu harmailak mundu guztiari bertan geundela jakinarazteko, eta eztarriak urratu ditugu Maialen ur lasterretatik jaisten hasi orduko.

Abiatu da. Lehen atea pasa du. Arazorik ez. Anderren mamuak uxatu ditugu eta arnasa hartu dugu. Badoa aurrera. Bira eman du eta korrontean sartu da. Bikain. Gugana hurbitzen hasi denerako zutik jarri gara denok. Txelo ama. Iñaki aita. Ane alaba. Raquel Aneren zaintzailea. Eta gu geu. Barruak hustu ditugu. Azken ateak pasa ditu… eta lehen postuan jarri da denborarik onena eginda. Hori poza, domina ziurtatua zuen. Itxarotea geratzen zen.

Pennie britainiarra abiatu da ondoren. Hark kale. Zilarra poltsikoan zuen gutxienez ordurako, baten faltan. Kuhnle austriarrak ekin dio jaitsierari. Kirioak dantzan. Atea jo du, urrezko domina atzamar puntekin ukitu dugu. Ametsa betetzetik gertu ikusten genuen, eta Maialenek berak ere bai. Arraunari eman eta eman, baina ezer. Urrea Maialenentzat zen. Zoramena. Gozamena. Ikaragarria.

Eskerrik asko Maialen!

 

logoa_blogGOTeko blogariak (Maria López, Irati Aguirre, Aitor Biain eta Jon Altuna) Joko Olinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.