IMG_0140

Iritsi gara! Gazte Olimpic Team Rio de Janeiron da dagoeneko! Olinpiar Jokoak bertatik bertara jarraitzeko gogotsu, eta, zorte apur batekin, gure euskal kirolarien lorpenak kontatzeko prest!

Loiuko aireportuan hasi dugu bidaia luzea. Goizeko zazpietan abiatu gara Bilbotik Lisboara lehenik. Hegazkinez aldatu dugu bertan, eta Potugaldik Brasilerako bide luzeari ekin diogu. 8.000 kilometro genituen aurretik eta hamar orduko hegaldia. Denetarako tartea izan dugu: irakurtzeko, filmak ikusteko, hitz egiteko, eta noski, elkar gehiago ezagutzeko. Hainbat kirolarirekin egin dugu bidaia: Errusiako, Suediako, Danimarkako eta Azerbaijango ordezkariekin, besteak beste.

Arratsaldeko lauretan (Brasilgo ordua. 23:00etan Euskal Herrian) lur hartu dugu Galeaoko aireportuan. Kontrol guztiak pasa eta maletak hartu ostean, Joao txoferra genuen zain. Furgonetan sartu eta Copacabanara eraman gaitu. Trafiko handiko errepideetan sartzeaz bat, segurtasunaren inguruan dagoen kezkaren lehen zantzuak ikusi ditugu: nabarmena baita poliziaren eta militarren presentzia inguru guztietan.

IMG_0146

Hain zuzen, aireportutik irtetean ikusi ditugun lehen irudiak jarri digu zer esana. Olinpiar Jokoen propagandako kartelez gain, adreiluzko etxe txiki eta zaharkituak oso ugariak baitira inguruan. Ez, Rio ez da Londres, eta lehen begi kolpean somatu dugu. Trafikoaren kaosa eta errepideko gazte saltzaileek berrestsi dute hori.

IMG_0147Hoteleko oheak eman digu guztiaren inguruan hausnartu eta lasaitzeko beta. Berehala ekin diogu post hau idazteari, ikusitako eta bizitako guztia zuenganatzeko asmotan. Ilunduta, afaltzerako bidea hartu dugu. Indarrak hartzera goaz, bihartik aurrera datorkigunari aurre egiteko beharko ditugu eta. Abentura hau hasi besterik ez da egin!

 

logoa_blogGOTeko blogariak (Maria López, Irati Aguirre, Aitor Biain eta Jon Altuna) Joko Olinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.