IMG_9393

Hemen gara berriro ere! Gaurko egunean hotelean ondo gosaldu ostean Deodororako bidaiari ekin diogu. Bertara iristeko metroa, trena eta autobusa hartu behar izan ditugu eta egia esan, kirol kokalekuetara iristeko seinalizazioa ez da oso ona. Bi orduko bidaiaren ostean bertara iritsi gara eta Ander Elosegiren piraguismoko finalerdirako eta finaletarako sarrerak erosi ditugu, euskal kirolari baten Rioko lehenengo domina ikusteko ilusioz beterik.

IMG_9386Giro oso ona topatu dugu harmailetan. Iritsi orduko Maialen Chourraut agurtzeko aukera ere  izan dugu! Bere txanda ostegunean izango da; gaurko protagonista, ordea, Elosegi bera zen. Finalaurrekoan bigarren denbora onena eginda eta jaitsieran erakutsitako segurtasunarekin, dominarekin amets egiten hasi gara guztiok: gu geu, Ander Elosegiren kuadrillako neska-mutilak, Chourrauten gurasoak… Baina ez da posible izan.

Lehenengo atea ukituta bi segunduko zigorra jaso du irundarrak eta aurrerago bigarrengo bat. Azkenean, zortzigarren postua lortuta eta diploma olinpikoa besapean izanagatik ere, burumakur zen Elosegi kanpoan sumatu dugun gisan. Beijingen  eta Londresen laugarren izan ostean, domina gosez zen hura ere. Itxaron egin beharko du ametsak.

Ander Elosegiri elkarrizketa eta eguneko irudiak

Ez da eguna horretan amaitu, ordea. Deodoron bertan, baina piraguismoko kanaletik lauzpabost kilometrora (Rion distantziak beldurgarriak dira) zazpiko errugbiko bi partida ikusteko aukera ere izan baitugu: Estatu Batuak – Brasil eta Fiji – Argentina, hain zuzen. Ikustekoa izan da zale brasildarrek nola aupatzen zuten euren taldea, animo oihu eta kantuekin. Baina are ikusgarriagoa izan da Argentinako zale apurrek jarri duten giro beroa. Bonbonera txiki bat zirudien! Aurten lehen aldiz Joko Olinpikoetan egiten den kirola da zazpiko errugbia eta lehen inpresioak oso onak izan dira. Erritmo azkarra zelaian, jokaldi bizkorrak eta ugariak, giro aparta harmailetan… Zazpi minutuko bi zati izanik oso ikusterraza. Gehiagorako gogoz geratu gara!

Olinpiar Jokoetako lehen frogak ikusita zapore gazi-gozoarekin utzi gaituzte emaitzek. Lehen euskal dominaren berri eman nahi genuen, zer gutxiago! Ohera goaz, bihar kirolarekin gozatzen jarraitu nahi dugu. Ez dugu amore ematen!

logoa_blogGOTeko blogariak (Maria López, Irati Aguirre, Aitor Biain eta Jon Altuna) Joko Olinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.