Astebete baino ez da falta Maracana estadioan suzi olinpikoa pizteko. 7 egun besterik ez dira geratzen Rioko Olinpiar Jokoei hasiera emateko, eta munduko begirada guztiak bertara begira jarriak dira dagoeneko: iritsi da urteetako lanaren uzta jasotzeko garaia.

Atzera kontaketa hasita, kirolariak hasiak dira bertaratzen. Hainbat euskal kirolari ere gaur aireratu dira, Rio helmuga dutela. Usain Bolt, izarretan izarrena ere, Rion da dagoeneko.

Eta kirolariekin batera iritsi dira, baita ere, lehen polemika zantzuak (esperotakoak, bide batez). Hiri olinpikoa izan da zer esana jarri duena oraingo honetan. Australiako eta Japoniako kirolariak kexu agertu baitira hiri olinpikoa amaitu gabe dagoelakoan, eta hoteletan geratu behar izan dute behin behinekoz. (Antolakuntzak berak onartu du zenbait eraikin amaitu gabe daudela; gaineratu du, ordea, aste honetan bertan prest egongo direla guztiak).

VilaOlimpicaRio2016(Argazkia: Tomaz Silva/Agencia Brasil. Wikipedia. CC by-sa lizentziapean)

Itzul gaitezen baina kirol arlora… Urteetan egindako lan eta esfortzu guztiaren uzta jasotzeko garaia heldu da. Benetako unea; lehiaren unea. Eta, nola ez, galderei erantzuna emateko unea. Hauexek dira, Rio 2016ko 5 galdera:

9096190838_312bff0410_o

(Argazkia: drcliffordchoi/ CC-by-sa lizentziapean)

1-Lortuko ote du Usain Boltek hiruko hirukoitza?

Pekin eta Londresko Olinpiar jokoen ondoren, zalantzarik ez dago, izarretan izarrena bera dela. Marka guztiak hautsi baditu ere dagoeneko, are gehiago egin dezake Jamaikako korrikalariak. 2008 eta 2012ko jokoetan 100 metro, 200 metro eta 4X100 errelebo probetan urrezko domina lortu ondoren, gauza bera egiteko gai izango ote den da zalantza nagusia. Balentria itzela litzateke hiru olinpiar jokoetan hiruna domina lortzea jarraian.

2-Michael Phelpsen itzulera, nolakoa izango da?

Londresko Jokoen ostean goi mailako kirolari izateari utziko ziola iragarri bazuen ere, itzuli da Phelps. Inoizko domina gehien lortu dituen (22 guztira, 18 urrezkoak) kirolariak lehiatzen jarraitzea erabaki du. Pekingo zortzi urrezko dominen irabazleak maila emango duen da galdera, eta zertarako gai izango ote den. Zenbat urrezko domina lortu ditu?

MAIALEN-EDIT-1000x1000

3-Maialen Chorraut, beste domina bat?

Euskal kirolarien artean domina eskuratzeko hurbilen kokatuta dagoena dela esan daiteke. Londresko Jokoetan brontzezko domina eskuratu ondoren, beste bat kolkoratzeko ahalegin guztiak egingo ditu lasarte-oriatarrak K1-ean.

4- Nork irabaziko du lehen urrezko domina zazpiko errugbian lehen aldiz?

Errugbia lehiaketa ofizialera itzuli da Rioko Olinpiar Jokoetan, eta, ondorioz, euskal ordezkariei dagokienez, dominak eskuratzeko aukerak ere areagotu dira. Lan horretan arituko baitira Pablo Feijoo, Ignacio Martin eta Igor Genua gizonezkoetan eta Barbara Pla, Amaia Erbina eta Angela del Pan emakumezkoetan. Dominarik eskuratuko dute?

5-Pablo Carrera, begirada dominetan jarrita.

Punteria ahalik eta gehien zehazten pasa du Pablo Carrera tiratzaile Bilbotarrak azken urteak. Londresen seigarren postuan amaitu eta diploma olinpikoa lortu ondoren, dominei begirik kendu gabe dago Carrera. Lortuko ote du?

Bost galdera; bost erronka. Bost besterik ez dira hauek. Abuztuaren 5etik 21era bitarte baina, beste hamaika galdera eta erronka izango dira. Datozenak handik jarraituko ditugu. Lortuko ote dute? Hau hasi besterik ez da egin.

logoa_blogGOTeko blogariak (Maria López, Irati Aguirre, Aitor Biain eta Jon Altuna) Joko Olinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.