Txirrinduzale ororen arreta Chris Froomen, Peter Saganen, Bauke Mollemaren eta enparaueren Frantziako Tourreko balentrietan -eta Mega Guarierrek maisuko irabazitako Italiako Giroan- zegoen bitartean, munduko txirrindulari onenetakoak aritu dira uztailaren 15etik 17ra Euskal Herriko errepideetan. Beste elitea, txirrindulari paralinpikoak, zeintzuek kirol egutegiko lehia garrantzitsuenean, Rioko Paralinpiar Jokoen baimenarekin, lehiatu baitzuten: UCIren Txirrindularitza Egokituko Munduko Kopan.

cartel-uci2016-2

Saiatu Fundazioko presidente Txema Alonso pozik dago txapelketaren nondik norakoarekin. Haiek antolatu dute lehia. “Helburuak eta aurreikuspenak bete dira. Euskadira kirol egokiturik onena ekartzea zen helburua, eta lortu dugu; kirol txapelketa handi bat egin nahi genuen, txirrindulari paralinpiko onenekin, eta etorri dira”. UCIk berak eta txirrindulariek txalotu egin dituzte antolatzaileak.

Ez da kasualitatea izan aurtengo Munduko Kopa Euskal Herrian egitea. Saiatuk hemeretzi urte darama Bizkaiko Bira antolatzen, UCIko egutegiko lehiarik zaharrenetakoa eta ospetsuenetakoa. Hogeigarren urteurrenaren harira, Munduko Kopa hartzea eskatu zuten, eta UCIk ez zuen oztoporik jarri. Berezitasun bat izan du lehiaketak, lau ibilbide izan baititu lehen aldiz: Gasteiz, Elorri, Mungia eta Bilbo.

Ibai Armentia / Saiatu

Ibai Armentia / Saiatu

Lehiari dagokionez, txirrindulariek errepide gainean “hegan” egin dituela ziurtatu du. “Gasteizen marka onak lortu ziren, Elorrion, exigentzia handiko ibilbidean, errepikatzeko zailak izango diren irudiak ikusi genituen lastertasunari dagokionez; Mungiako proba oso teknikoa eta selektiboa zen, eta maila guztietako amaierak emozioz beterikoak izan ziren. Azkenik, erreleboetako proba Bilboko Kale Nagusian izan zen, ehunka pertsonek ikusi zuten kirolariek emandako erakustaldia.

Halako lehiak antolatzeko garaian eskarmentua izan arren, “erronka” izan da Mundoko Kopa antolatzea, eta ez soilik lurralde barreiatzeagatik: “Bere zailtasunak ditu, batez ere barne lanari dagokionez: logistika eta garraioa”. 400 pertsonei ostatu eman diote antolatzaileek: 311 kirolari eta langile taldeko 90 kide. Bizkaiko Birako kopurua bikoiztea dakar horrek, 150-160 txirrindularik lehiatu ohi baitute Biran. Zergatik alde hori? Batzorde Paralinpikoen babesagatik: “Japoniako, Zeelanda Berriko, Hegoafrikako, Argentinako, Venezuelako eta beste hainbat herrialdetako jendea etorir da. Gobernuen laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke hona etortzea, guk ezin baitugu bidaietarako sariak edo bekak eman. Txirrindularitzaren gorengoa da Munduko Kopa”.

Parte hartzaileen maila oso altua izan da. Berez, Munduko Kopa irabazteko erronka aski ez balitz, txirrindularietako askok jokoan zuten Rion egon ala ez. Kale edo bale. Beraz, ez da soilik entrenamendu bat izan. “Kirolarietako batzuk hemen lortutako markagatik izango dira Brasilen, jokoan ziren azken plazak lortu dituzte. Ez guztiek, noski, goren mailako txirrindulariek ziurtatua zuten bere lekua, baina horiek ez dira guztiak. Paralinpiar Jokoetan edo Munduko Kopan dominaren bat irabazi duten 50 bat lehiakide aritu dira Euskal Herrian antolatu dugun Munduko Kopan”. 48 kilometro orduko abiadurak, hand-bike batean 80 kilometro orduan aldapa behera jaistea… Irudiek bere kabuz hitz egiten dute. “Arrisku handiak hartuta jaisten ziren, ez zait berehala ahaztuko ikusitakoa”.

Ibai Armentia / Saiatu

Ibai Armentia / Saiatu

Euskal txirrindulariak “trantsiziozko” unean daudela uste du Alonsok. “Javier Otxoa eta Aitor Oroza ez daude jada; haien ordez beste euskal herritarrak ditugu, bizi hobe baten bila etorri den jendea. Victor Hugo Garrido euskal-venezuelarrak irabazi egin du Munduko Kopa [Venezuela ordezkatuko du Paralinpiar Jokoetan] eta beste Munduko txapeldun bat, Israel Hilario perutarra, geuren bizi izan da, orain Bartzelonan bizi den arren. Gure kirolariei dagokionez, apurka-apurka goaz, gure gaitasunak hobetuz eta taldea berreraikitzen. Ezusteren bat emango dugu pare bat urtetan”.

Amador Granadosek ezin izan zuen parte hartu. Halere, BAT Basque Teameko kidea Rioko Paralinpiar Jokoetan izango da, kilometroko taldekako abiadurako eta errepideko probetan parte hartzeko, MC3 mailan. Harekin batera ariko da Eduardo Santas nafarra, maila berean, lehen aldiz Paralinpiar Jokoetan.

Ibai Armentia / Saiatu

Ibai Armentia / Saiatu

Munduko Kopako sailkapenak ikusteko, sakatu hemen

logoa_blogGOTeko blogariak (Urko Zabala Camino, Iñaki Lasa Etura, Nerea Gurrutxaga Zuatzubizkar eta Uxue Otxoa Alberdi) Paralinpiar Jokoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.