Panathinaikó estadioa 1896an. Arg: Recuerdo de Pandora.

Panathinaikó estadioa 1896an. Arg: Recuerdo de Pandora.

Teodosio Erromako enperadoreak 394. urtean pagano izaeragatik debekatu zituenetik, ez zen Joko Olinpikorik ospatu. Tradizio hori berreskuratzea zen Coubertineko baroiaren nahia. Aristokrata eta pedagogo frantziarra zen Pierre de Fredi izeneko gizona, Coubertineko baroia hain zuzen. Bere dirutza eta indar guztiak Joko Olinpikoak antolatzera bideratu zituen. Hasiera batean ikuskizun edo espektakulu gisa pentsatuta zegoena, historiako kirol-gertakaririk garrantzitsuenetakoa bilakatu zen.

Hastapenetan, dirua biltzeko arazoak izan zituen. Agintari greziarrek ateak itxi zizkioten, baina Constantino Greziako printzeari ideia ona iruditu zitzaion eta aberats batek, Geroges Averoffek, milioi bat drakma inbertitu zituen.

Behin arazo ekonomikoak salbatuta, Joko Olinpikoak lau urtetik behin egitea erabaki zuen sortu berri zen Batzorde Olinpikoak eta apirilaren 6a izendatu zuten inaugurazio egun gisa. Bitxikeria gisa, parte-hartzaileak amateurrak izan beharra zeukaten, ez zen emakumerik onartzen ezta talde kirolik ere, cricketa salbu (Britainia Handiaren presioa tarteko). Jokoen lema, ‘Citius, altius, fortius’ izango zen.

Ailegatu zen 1896ko apirilaren 6a Atenasen. Greziako hiriburuko marmolezko Panathinaikó estadioa goraino beteta zegoen 70.000 zalerekin. Desfilea 285 atletak egin zuten, hamalau herrialde ordezkatuz: Alemania, Australia, Austria, Britainia Handia, Bulgaria, Danimarka, Estatu Batuak, Italia, Suedia, Frantzia, Hungaria, Suitza, Txile eta Grezia.

Joko Olinpikoek iraun zuten hamar egunetan bederatzi kirol eta 43 disziplina egin ziren: Atletismoa, esgrima, txirrindularitza, gimnasia, pisu-altxaketa, igeriketa, borroka, arraunketa eta tiroa. Cricketa bertan behera geratu zen talde faltagatik.

Izen propio bat ere nabarmendu zen. Proba erregean, Maratoian, Spiridon Louis artzain greziarra gailendu zen. 25 lagun jarri ziren irteera lerroan. Azkenean 1,63 metro luze zen okin, zurgin eta postari ohia izan zen irabazle, Spiridon artzaina. Diotenez, bezperan ez zuen mokadurik jan eta otoitzean igaro zuen egun osoa 42,195 kilometroei ekin aurretik.

Helmugan ez zioten gaur egun ezagutzen dugun urrezko dominarik eman, zilarrezkoa baizik, garai hartan irabazleari zilarra, bigarrenari brontzea eta hirugarrenari erramua ematen baitzitzaizkion. Aro Modernoko lehen domina haietan Zeus jainko greziarraren irudia ikus daiteke alde batean, bestean, Atenasko Akropolia eta “Olympia” hitzak.

Estatu Batuek bildu zituzten lehen postu gehien, 11 denera. Baina Greziak denera 46 lagun sartu zituen podiumean, AEBk 20 besterik ez. Bi herrialde horiek izan ziren domina gehien irabazi zituztenak. Atzetik, Alemaniak 13, Frantziak 11 eta Britainia Handiak 7.

Azken finean, Coubertineko baroiak, Pierre de Fredik, Olinpismo modernoaren lehen oinarria jarri zuen eta horretaz gain, gaur egun ezagutzen ditugun hainbat sinbolo ere sortu zituen. Esate baterako, zuzi olinpikoa piztea, garaileen nazioetako banderak jasotzea, bandera olinpikoa, irabazleen podiuma, usoak bakearen sinbolo gisa airera askatzea etab.

Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan berpiztuko da Coubertineko baroiaren ametsa. 1896an Atenaseko Jokoak amaitu berritan Constantino Greziako printzeak eskatu zion berriro ere Grezian antola zitzala. Ezezko borobila eman zion Coubertineko baroiak, erabakita zuela hurrengoak Parisen ospatuko zirela. Izan ere, 1870eko gerra franko-prusiarrak hunkituta, Pierre de Fredi pedagogoaren ametsa kirol espiritua mundu osora zabaltzea zen, gazteriak bestelako eredu eta amets batzuk izan zitzan, gerraz gain.

GOTeko blogariak (Maria López, Irati Aguirre, Aitor Biain eta Jon Altuna) Joko Olinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.

Aro Modernoko lehen Joko Olinpikoen 100 metroen irteera. Arg: Wikipedia

Aro Modernoko lehen Joko Olinpikoen 100 metroen irteera. Arg: Wikipedia

Aro Modernoko lehen jokoetako domina bat. Arg: Wikipedia.

Aro Modernoko lehen jokoetako domina bat. Arg: Wikipedia.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

logoa_blog

GOTeko blogariak (Maria López, Irati Aguirre, Aitor Biain eta Jon Altuna) Joko Olinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.