Kirola joko hutsa izanik, dagozkion arauak onartu behar ditu kirolariak. Arau horietako bat da, nola ez, porrota: ekidin ezin den porrota. Irabaztea bezala, galtzea ere posible dela onartu behar du. Ez da erraza izaten askotan, baina. Eta, are zailagoa izan daiteke oraindik, norberaren bizitzaren oinarriak emaitzei kateatuta daudenean.

Urte olinpikoan bete-betean sartuta gauden honetan, eta Olinpiar Jokoak hasteko bi hilabete baino gutxiago falta direnean, batzuendako aurkia dena, beste batzuendako ifrentzua da. Izan ere, asko dira oraindik parte hartzeko aukerarik izango duten ez dakitenak. Esperantzari tinko helduta, ez daude amore emateko prest. Beste zenbaitzuk, ordea, badakite ez direla izango abuztuan Rio de Janeiron izango. Baina, eta orduan zer? Zer geratzen da urteetako lan guztia ezerezean geratzen denean? Geratzen ote da zerbait? Nola jaso eta nola barneratu norberak desiratakoaren aurkako emaitza?

0_LeireOlaberria-1000x1000Leire Olaberria pistako txirrindularia ez da Rioko jokoetan izango, beste hainbaten moduan. Ez baitzuen gutxieneko puntuak eskuratzerik izan Londresen, martxoan jokatu zen omnium proban. Bederatzigarren amaitu beharra zeukan Riorako txartela eskuratzeko, eta hamaikagarren postuan sartu zen helmugan. “Horrelako unetan konturatzen zara jokoetara joateko sailkapenak zein zorrotzak diren, eta, askotan, gaixotasun batek, eroriko batek, epaileen erabaki zorrotzen batek zenbateko pisua daukaten. Eta guzti hori argi eta presente izan behar du kirolariak, bestela sailkapen ezak sor dezakeen frustrazio maila oso altua izan daiteke”, adierazi du Olaberriak.

(Foto: BAT basque team)

Hasieratik ipini zitzaion sailkapena maldan gora ikaztegietarrari: “Gaixotasun batek lur jota utzi ninduen eta Europako Txapelketari uko egin behar izan nion. Segidan Mexikoko Munduko Kopan, deskalifikazio zorrotz bat jasan nuen eta handik ere 0 punturekin bueltatu nintzen… Aurkari zuzenek sekulako puntu piloa zituzten ordurako, eta nik ez nuen ia batere, beraz bi urte luze hauetan ahalik eta hobekien entrenatzen eta lehiatzen saiatu naiz, baina hasiera txar horri buelta ematea zaila zela oso garbi geneukan”. Argi du orduan egin ziola ihes Riorako pasaporteak.

Azken unera arte saiatu zen baina Olaberria, eta dena eman zuela aitortu du. Ez da Rion izango, baina argi du azken urteetan Riorako sailkapenari begira egindako lan guztia ez dela hutsean geratzen, emaitzak nahi ez bezalakoak izan arren: “Neretzat ez da ezerezean gelditzen egindako lana. Azken lau urteetan omnium probak sekulako gorakada izan du, eta nik ere, exijentzia hori dela eta, nire maila hobetu beharra izan dut. Beraz, bai nik eta bai nire entrenatzaileek hazitako eta hobetutako guztia baloratzen jakin izan dugu”. Bada, lorpenak emaitzaz harago aintzat hartzen ikasi duela gogorarazi du, “askotan emaitza puntual batek ez baitu zure benetako maila islatzen”.

 

“Bi urte luze hauetan ahalik eta hobekien entrenatzen eta lehiatzen saiatu naiz, baina hasiera txar horri buelta ematea zaila zela oso garbi geneukan”

 

Olaberriak azken urteetan izan duen maila, ordea, bere palmaresak erakusten du. Bi Olinpiar Jokoetan izan da, Pekinen 2008an, eta Londresen 2012an. Bata bestea baino goxoagoa izan zen, ez dago horren zalantzarik. Brontzezko domina kolkoratu baitzuen duela lau urte puntuazioko proban. Ez du berehalakoan une hura ahaztuko: “Pekingo oroitzapenak ahaztezinak dira niretzat, eta betirako gordeko ditut, seguru!”.

Ziklo bat itxita, bestelako eginkizunetan da orain Olaberria. Ikasketetan murgilduta baita; Dietetika eta Nutrizioko gradua ikasten ari da Murtziako UCAM Unibertsitatean. Etorkizun hurbilean ere, izango du zeri eskaini denbora, haurdun baita: “Azaro amaierarako espero dugu haurra”. Orduan erabakiko ditu etorkizuneko planak. Argi du baina, ez duela, momentuz behintzat, behin betirako aparkatu bizikleta. “Londresko Munduko Txapelketa ez dut uste nire azken lasterketa izango denik”.

Ibili, erori eta altxatzearen oinarriko legea. Leire Olaberria ez da Rioko Olinpiar Jokoetan izango. Eta modu berean, beste euskal kirolari askok ere etxeko telebistatik ikusi beharko dute lehiaketa. Amorruz, penaz, atsekabez, onartu dute emaitza denek: kirol legez. Ez da beste modurik.

2015_UEC_Track_Elite_European_Championships_270(Nicola, Wikimedia Commons, CC-by-sa lizentziapean erabilia)

logoa_blog GOTeko blogariak (Maria López, Irati Aguirre, Aitor Biain eta Jon Altuna) Joko Olinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.