Rioko Olinpiar Jokoetan 28 kirol eta 42 diziplina egongo direla azaldu zuten Olinpiar Jokoetan izango diren lau blogariek, golfaren eta zazpiko errugbiaren berritasunak nabarmenduta. Baina, kirol kopuru bera egongo al da Paralinpiar Jokoetan? Ez. 23 kirol antolatu dituzte irailaren 7tik 18ra. Kirol ezagunak dira horietako batzuk, aldaera txiki batzuk badituzte ere: futbola zazpikoa eta bostekoa da; errugbia, saskibaloia edo eskrima gurpildun aulkian egiten dira; boleibola eserita… Baina, horiez gain, badira kirolari paralinpiarrei soilik zuzendutako kirolak, ez oso ezagunak gizartean. Horregatik, horietako bat ezagutarazi nahi dugu oraingoan: boccia.

5

Zer da boccia? Petankaren antzeko zehaztasun estrategia kirola, non helburua norberaren pilotak jomugatik ahalik eta gertuen utzi behar baitiren. Barrako Olinpiar Gunean izango da Rioko lehia, Carioca Arena 2n, irailaren 10etik 16ra. 108 bat atletek parte hartuko dute. Kirol mistoa da, elkarren aurka lehiatzen dute emakumeek eta gizonek. Riokoarekin, bederatzigarren aldiz lehiatuko dute Paralinpiar Jokoetan. Hasiera batean garun paralisia zuten kirolariei bakarrik zuzenduta egon arren, mugikortasun arazo larriak dituen orok parte har dezake gaur egun. Ezintasunaren arabera mailakatzen da lehia: eta bakarka, binaka edo taldeka joka daiteke. Lehiakide, bikote edo talde bakoitzak 270 milimetroko eta 275 gramoko larruzko sei pilota ditu eta txandaka jaurtitzen dute. Jokatzeko eremua 12,5 metro x 6 metrokoa da.

  • BC1: eskuarekin (edo oinarekin) jaurtitzen dute pilota, hura heltzeko eta jaurtitzeko arazoak dituzte. Gurpildun aulkia mugitzeko eta pilota hartzeko laguntza izan dezakete.

  • BC2: eskuarekin jaurtitzen dute, eta aurrekoek baino motrizitate arazo gutxiago dituzte. Ezin dute laguntzarik jaso.

  • BC3: gorputz adarretan disfuntzio lokomotore handia dutenak, enborra kontrolatzeko arazoekin. Laguntza jasotzen dute —jokoari bizkarrez dago laguntzailea beti—, eta jaurtikitze plataforma bat erabil dezakete

  • BC4: gorputz adarretan disfuntzio larria dutenak, enborra kontrolatzeko arazoekin. Pilota heltzeko eta jaurtitzeko arazoak izan eta mugimendu hori egiteko zailtasunak izan arren, bakarrik egiteko gai dira. Ez dute laguntzarik jasotzen.

3Aspaldi sortutako kirola da boccia, berez. Antzinako Greziako Olinpiar Jokoetan harriak jaurtitzen zituzten kirolariek, eta jakina da Egipton ere antzeko kirol bat praktikatzen zela aspaldi. Eskandinaviako herrialdeetan 1970ko hamarkadan berreskuratu zuten kirola, motrizitate arazoak zituzten pertsonei egokituta.

Euskal Herrian ere badira boccia egiten duten kirolariak eta aukera eskaintzen duten hainbat elkarte: Dordoka, Kemen… Paralinpiar Jokoetan lehiatu izan duten euskal kirolariak ere badira: Santi Pesquerak eta Yolanda Martinek kasu. Hainbat lehiaketa ere egiten dira Euskal Herri mailan. Pasa den maiatzaren 11n, Euskal Herriko Boccia Txapelketako binakako finala jokatu zuten Donostiako Altza auzoko kiroldegian, eta aukera hori aprobetxatu genuen kirola bertatik bertara ezagutzeko. BC3 mailako finalekoak dira argazkiak eta bideoa. Han izanda, Xabier Sagarna Aspaceko kirol arduradunarekin hitz egiteko aukera izan genuen.

Zein lotura duzu bocciarekin?

Aspacen, garun paralisia duten pertsonen elkartean, boluntario gisa lanean hasi nintzenean ezagutu nuen boccia. Dordokan egon nintzen (Aspace Gipuzkoaren kirol taldea) eta Kemenen. Orain Aspaceko kirol arduraduna naiz.

Ez da kirol ezaguna.

Ez. Jendeari boccia esaten badiozu “Zer da boccia?” erantzuten du. Hasten zara esplikatzen plataforma batetik pilotak botatzen dituztela, eta “ah, bai, ikusi dut” erantzuten dute batzuek. Baina izenagatik ez dute ezagutzen normalean.

Kirol instalazioetara iristeko arazorik izaten al dituzue?

Furgoneta egokituak ditugu, eta kiroldegiak egokituta egoten dira. Hemen, Altzan, maldak ditugu atzetik sartzeko, eta bestela igogailua dugu. Horrelako txapelketak beti kiroldegietan egiten ditugu.

6

Euskal Herriko Boccia Txapelketako finalak egiten ari zarete, baina ba al daude beste lehiaketarik?

Liga bat egiten dugu asteazkenero. Bigarren maila eta Lehenengo Maila dauzkagu. Bi talde daude: lehiaketakoa eta aisialdikoa. Bigarren Mailan aisialdi taldekoak daude.

Asteazkena egun berezia izango da zuentzat.

Bai, noski, gustura aritzen gara; baina bestetik, asteazken buruzurietan arituta, ez dugu ikuslerik izaten.

Entrenamenduak egiten dituzue?

Normalean, bai. Lehiaketa mailan daudenek bai, batzuk teknifikazio programetan sartuta daude Gipuzkoako eta Espainiako Federazioekin, eta entrenamenduak izaten dituzte.

Ba al duzue diru laguntzarik?

Gure kasuan, behintzat, bai: Aldundia, udalak…

Beste kirolik egiten al dute boccian aritzen direnak?

Kontuan izan boccia egiten dutenek mugikortasun arazo larriak dituztela. Slaloma egin dezakete, gurpildun aulkian edo atletismoan zakutxoak jaurti.

YouTube Preview Image

logoa_blogGOTeko blogariak (Urko Zabala Camino, Iñaki Lasa Etura, Nerea Gurrutxaga Zuatzubizkar eta Uxue Otxoa Alberdi) Paralinpiar Jokoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.