Aurreko post batean kirolari paralinpiarrei soilik zuzendutako kirolak ere bazirela ikusteko aukera izan genuen, boccia hain zuzen. Kirol honez gain bada paralinpiarrentzat espezifikoki bideraturiko beste kirol bat: goalball-a. Itsuek edo ikusmenean urritasunen bat dutenek bakarrik jokatu ahal dute, joko paralinpikoen programan kolektibo honentzako kirol espezifiko bakarra izanez. Rio de Janeiron emakumezkoen 10 selekzio eta gizonezkoen beste 10 izango dira (120 atleta guztira) txapeldunen Olinpora igotzen saiatuko direnak.

Hamaika Bilbao Goalball

1946. urtean Hans Lorenzen alemaniarraren eta Seep Reindln austriarraren eskutik jaio zen goalball-a. Izan ere, II. Mundu Gerran du jatorria, non gudan itsuturik geratu zirenentzako terapia gisa erabili zen. Geroztik izugarri zabaldu da mundu guztian zehar; lehen agerpena kirol erakustaldi bezala egin zuen 1976ko Torontoko Joko Paralinpikoetan eta ordudanik Joko Paralinpiko guztietan izan du presentzia. Gaur egun goalball-a 85 herrialdetan jolasten da, beraz sekulako bilakaera izan duela esan daiteke.

Hala bada, zertan datza goalball-ak? Zelaian 3 jokalarik osatutako bi taldek jarduten dute. Helburua eskuarekin zelaiaren alde batetik bestera zintzarriak dituen baloia jaurti eta aurkako taldearen atean gola sartzea da. Jokaldia defendatzeko gorputzeko edozein atal erabil daiteke, atezainak izango bailiran. Zelaiko marrak ukimenezkoak dira, aulkian 3 jokalari egoten dira aldaketak egiteko, ateak 9 metroko zabalera eta 1,3 metroko altuera ditu eta 12 minutuko bi zati jokatzen dira.

Hamaika Bilbao Goalball

Goalball-ean jokatu ahalizateko “Itsuentzako Kirol Federazio Internazionalak” (IBSA) ezarritako sailkapen baldintzaren bat bete behar da. Sailkapenak 3 maila ditu eta B1, B2 eta B3 bezala daude izendatuta:

  • B1: erabat itsu edo ia itsu; argia ez hautematetik, argia hauteman baina esku bat ezagutzeko gaitasun ezera bitartean.
  • B2: ikusmen partziala; esku baten forma ezagutzeko gaitasuna.
  • B3: ikusmen partziala; ikusmen eremua gutxituta.

Goalball-era jokatzerako orduan ez da taldekatze berezirik egiten aurrez aipatutako mailen arabera. 3 mailetako
batean sartzea ezinbestekoa da, baina ondoren guztiek batera jokatzen dute. Ondorioz, jokalari guztiek antifazarekin jokatzen dute, itsu daudenen eta ikusmen hondarrak dituztenen artean baldintza berdinak egon daitezen.

Pertsona batek ikusmena galtzen duenean garuna zentzumen honetaz ahazten joaten da pixkanaka, burmuinak jada ezin baitu galdu duen edo hauteman ezin duen zerbaiten hutsunea sentitu. Hala, ukimenaren zentzumena azkartuz egokitu daiteke zerebroa egoera berri horretara.

Goalball-eko jokalariak ere ukimenari esker orientatzen dira espazioan. Alde batetik, jaurtiketa bat egin aurretik euren atea ukitzen dute espazioan kokatzeko eta kontrako atera ahalik eta ondoen apuntatzeko helburuarekin. Bestetik, lehen esan bezala, jokalarientzako laguntza handikoa da zelaiko marrak ukimenezkoak izatea, aurkarien jaurtiketak defendatzerako garaian espazioan kokatzen laguntzen baitie.

Euskadin, Kirol Egokituaren Euskal Federazioak (KEEF), Itxaropena Klubarekin eta Arabako Federazioarekin elkarlanean, Goalball Liga antolatzen du. Bertan Euskal Autonomia Erkidegoko taldeez gain, beste erkidego batzuetako taldeek ere parte hartu dezakete. Aipagarria da txapelketa honetan talde mistoek parte hartu dezaketela, Joko Paralinpikoetan ez bezala.

Hamaika Bilbao Goalball

Halaber, Hamaika Bilbao Goalball taldeko Jabier Ríos jokalariarekin eta Joseba González entrenatzailearekin hitz egiteko aukera izan dugu. Gustu handiz egin dugu solas beraiekin.

Jabierrek 25 urte ditu, Gizarte Hezkuntzan graduatuta dago eta ikasturte honetan Gizarte Inklusioan eta Desgaitasunean Unibertsitate Master bat ari da burutzen. Haurtzarotik ikusmenean urritasuna du, egun eskuineko begitik %4ko ikusmen-zorroztasuna eta ezkerrekotik itsutasun osoa ditu.

Nola ezagutu zenuen goalball-a?

Josebari, nire goalball-eko entrenatzaileari, esker ezagutu nuen. Kanpamentu batean animatu ninduen probatzera eta gustatu egin zitzaidan. Hastapenak, aldiz, gogorrak izan ziren; Holandan debutatu nuen eta txapelketan maila oso handia zegoen.

Goalballera jokatzen hasi aurretik beste kirolen bat praktikatu al zenuen?

Bai, lehenago eskubaloira jokatu nuen. Kirol honek transmititu dit pasio gehien, baita gaur egun ere. Orain jokatu ezin dudanez, harmailetatik katalejoarekin edo aulkitik Romo taldeko bigarren entrenatzaile gisa partiduak ikusiz asko gozatzen dut.

Zer ematen dizu goalball-ak edo kirolak orokorrean?

Kirolak dena eman dit, nire lagunik onenak kirolari esker ezagutu ditut. Kirolak izaera lehiakorra ematen dizu, eta hau eguneroko bizitzarako oso baliagarri egiten den zerbait da. Eguneroko arazoetatik deskonektatzen eta tentsioak askatzen ere laguntzen dit.

Hamaika Bilbao Goalball

Joseba González, berriz, duela 7 urtetik Hamaika Bilbao Goalball-eko entrenatzailea da. ONCE erakundean boluntario gisa hasi zenean ezagutu zuen goalball-a. Bere lan-jarduera guztia kirol egokituarekin estuki lotuta dago; egun Kirol Egokituaren Euskal Federazioko (KEEF) kirol koordinatzaile bezala, Euskadiko goalball programaz arduratzen da.

Zein da Hamaika Bilbao Goalball klubaren eginkizuna?

Gure zeregina kirol baten aspektu nabarmenenak lantzea da; oinarri bezala (kirolari berriak), lehiaketak (entrenamenduetan edo klubeko zein ekitaldi ofizialetan parte hartzea), baita kirol hau sustatzeko jardunaldiak aurrera eramatea ere.

Non eta zenbat entrenatzen duzue? Lan saio espezifikoak egiten al dituzue?

Kiroldegietan eskakizun ugari egon ohi da eta zaila da entrenamenduetarako instalakuntzak lortzea. Hala eta guztiz ere, astean zehar ONCEren instalakuntzetan lan saio fisikoak eta jaurtiketazkoak gauzatzen ditugu. Larunbatetan Euskadiko beste talde batekin Gasteizen entrenatu ohi dugu, beraiek goalball-era jokatzeko instalazio aproposak baitituzte.

Txapelketaren batean parte hartu al duzue? Zer maila dago Euskadin?

Estatu-mailan bi mailatan (1. eta 2. maila) banatuta dagoen liga autonomikorekin aurkitzen gara. Bertan bi euskal taldek hartzen dute parte, Arabako Itxaropenak eta Gipuzkoako IK taldeak. Euskadi txapelketa gehienetarikoen antolatzen dituen erkidegoa da, Euskal Federaziokoak (aurten hiru txapelketa) nahiz klubetakoak. Ekitaldi hauek urtez urte haziz doaz.

Kantxa konbentzional batean jokatu al daiteke edo azpiegitura bereziren bat behar al da?

Inguruan zaratarik ez duen jokaleku bat behar da, zorua parket edo goma modukoa izan daiteke.

Kirol instalazioetara iristeko arazorik izaten al duzue? Oztopo arkitektonikoekin topo egin izan al duzue noizbait?

Normalean ez dugu zailtasunik izaten, ikusmenean urritasuna duten pertsonak ez dira horrelako arazoekin topatzen ez garraioan, ezta hoteletan ere. Lokalen bat labirintikoa denean izan ditzakegu zailtasunak.

Goalball-a behar beste balioetsia dagoela al deritzozu?

Beste hainbat modalitateren antzera ez dago behar beste balioetsia. Ikusmen urritasunaren barruan ordea, goalball-ak garrantzia handia du kirolari eta talde ugarirekin aurkitzen baikara.

GOTeko logoa_blogblogariak (Urko Zabala Camino, Iñaki Lasa Etura, Nerea Gurrutxaga Zuatzubizkar eta Uxue Otxoa Alberdi) Paralinpiar Jokoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.