Oskitz Aguilar Madrilgo Blume zentroan. Arg: O. Aguilar.

Oskitz Aguilar Madrilgo Blume zentroan. Arg: O. Aguilar.

Atleta beteranoekin batera, Rio de Janeiron izango da estreinakoz arituko denik ere. Horietako bat izan nahi du Oskitz Aguilar igerilariak (Irun, 1995). Amets horren bila ari da irundarra Madrilgo Blume zentroan gogor entrenatzen. Denboraldi bikaina darama, Sabadellen jokatutako Espainiako Txapelketetan bere marka guztiak hautsi zituen martxo amaieran: 200 metroetan laugarren izan zen eta Euskadiko errekorra ezarri zuen, brontzea lortu zuen 100 metro libreetan eta 4×100 errelebu proban urrea jantzi zuen Espainiako errekorra hautsita. Datorren astean hasiko diren Londresko Europako Txapelketak ditu orain ikusmiran, maiatzaren 9tik 22ra jokatuko dira eta han lortu nahi du Joko Olinpikoetako errelebu taldean lekutxo bat egitea.

Espero al zenuen halako emaitzarik Sabadelleko Espainiako Txapelketetan?

Txapelketa horretan, erreleboko taldean sartzea zen nire nahia eta azkenean sartu bakarrik ez, emaitzak oso-oso onak izan ziren bereziki azken proban, txandakakoan.  Ortiz-Cañavate anaiek, Aitor Martinezek eta nik osatu genuen laukotea. Markagailuan 3.16.77ko denbora ikusi genuenean konturatu ginen Espainiako errekorra hautsi genuela. Sinestezina izan zen.  Egia esan 3.18 inguruan egitea zen gure asmoa. Miguel anaietako lehenak 49.4ko denbora egin zuen, Aitor Martinezek 48.9, Brunok 49.5 eta nik 48.87, marka pertsonala.

Hala ere, txapelketa arraroa izan zenuela diozu.

Aurrekoekin zerikusi gutxi  izan zuen. Txapelketa berezia izan zen niretzat. Normalean fintzen hasten garenean, urduri jartzen naiz, baina denboraldi honetan ez dut nerbiorik izan azken entrenamendura arte. Orduan bai, orduan sartu zitzaidan tentsioa eta egia esan sentsazio hori pixka bat behintzat edukitzea gustatzen zait. Oraingoan prozesua oso bestelakoa izan da, lasai nengoen eta positiboki hartuko dut datozen lehiaketetarako.

Eta 48.87ko marka horrek Riorako ateak zabaltzen dizkizu.

Pausoz pauso joan nahi dut. 50 segundoko langa psikologikoa hautsi nuen egun batean, eta hurrengoan 49koa. Bi egunetan jarraian. Sekulakoa da hori eta ez da batere ohikoa. Entrenatzailearekin hizketan aritu naiz eta esan dit denbora horrekin zaila dela errelebo taldea Riotik kanpo geratzea.

Iaz, Kazanen jokatutako Mundialetan lehen hamabi taldeak sailkatu ziren Riorako eta orain lau postu gehiago daude libre. Denboraldi honetan egindako denborekin uste dut lau txartel horietako bat lortzeko borrokan egon gaitezkeela.

Txartel hori Europako Txapelketetan, Londresen, eskuratu beharko duzue datorren astetik aurrera.

Bertan lortutako emaitzek eta FINA rankingeko puntuek erabakiko dute ze igerilarik lortuko duten Riorako txartela 4×100 errelebo proban aritzeko. Horretarako Londresen ondo ibili beharra daukagu, ehuneneko pare bat hobetzea posible dela uste dugu eta 3.16 motz egiteko gai garela uste dut. Riorako plaza lortuz gero, amets bat betetzea izango litzateke niretzat. Oraindik ez dut sinesten zer egin dudan, uste dut ez naizela guztiz kontziente. Joateko aukera izate hutsa asko da.

GOTeko blogariak (Maria López, Irati Aguirre, Aitor Biain eta Jon Altuna) Joko Olinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.