Aurten Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2016 programan parte hartzen duten 100 gazteek, beraien lankidetza esperientziak, dokumental batean biltzeko aukera izango dute.  Horretarako, taldeka grabatuko dituzte bideo laburrak beraien mugikorrekin, Asia, Afrika eta Hego Amerikan. Ander Bolibar, Garabide elkarteko hizkuntza lankidetza teknikaria eta HUHEZIko irakaslea, gazteen bidelagun eta gidari izango dute proiektu honetan eta gazteek grabaturiko piezak lotu eta josteko ardura izango du.

100 koperanteekin Barrian izandako lehendabiziko hartu emanaren inguruan hitz egin dugu Anderrekin. Bertan ikus-entzunezko gaien inguruko trebakuntza ikastaro bat eskaini zien gazteei.

Barrian aurkeztu diezue berriki koperante izango diren gazteei bideo-testigantzen egitasmoa. Zer moduzko harrera izan du ekimenak gazteen artean?

Gogotsu sumatu ditut. Gaur egun gure esperientziak komunikatzea gustuko dugu gazteok, sare sozialen garaietako nartzisista hutsak gara, eta kooperante esperientzia batean bizitakoak jasota gelditzea orokorrean ideia atsegina da. Bideo instituzional eta gazteek beraien kaxa sare sozialetan zabaltzen dituztenen arteko zerbait irtengo dela aurreikusten dut, eta esperimentu bezala interesgarria da bi aldeentzat.

Zein eratako kezkak edo ardurak azaldu dituzte gazteek proiektuaren inguruan?

Gehienak teknikoak izan dira. 100 gazteen artean denetarik dago, asko ordenagailuarekin jaio dira, gutxi batzuek ez dute mugikorrik. Talde txikitan arituko direnez, ezagutzak elkartrukatu eta minimo komun batekin lan egitea da asmoa. Urduri sumatu ditut, baina gogoz eta ilusioz ere.

 Dokumentala prestatzeko nolakoa izango da gazteekin jorratuko duzun metodologia?

Dokumentalaren egiletza komunitarioa izango da. Ehun gaztek sorturiko dokumental bat izatea da helburua. Esperimentu bat da. Gaur egungo teknologia berriek ikus-entzunezko produkzioa demokratizatu dute, guztiok gara komunikatzaile, baina hori ondo kudeatu eta antolatu behar dugu, anabasa kanalizatu, eta ehundaka bideoz osaturiko collage-ari forma eman.

Alor teknikoari dagokionez nola grabatuko dituzte gazteek beraien bideoak? Jaso al dute “minimo” teknikoei buruzko informazio eta trebakuntzarik?

Orain dela urte batzuk ezinezkoa litzateke ehun kooperanteen irudiak jasotzea, orain mugikorrekin baliabideak baditugu, baina bakoitzak bizitakoa modu txukunean komunikatzea ez da erraza, kontsumitzaileak gara baina askok ez dute inongo formaziorik ikus-entzunezko lengoaian. Guztiari batasun eta narratiba bat ematea da gure erronka, elkarlanean ikus-entzunezko bat sortzea.

Dokumentalak ba al du gidoi finkorik ala gazteen bideoak jaso ahala josten joango zara amaiarako pieza.

Gidoia baino, irizpideak markatu ditugu, asmo konpartituak. Patricio Guzmán zinemagileak dio bidaia bat, pertsonaia bat edo gertakari bat baduzu, hor dokumental bat dagoela. Ehun gaztek hiru hiletako egonaldian bizitakoarekin hamaika dokumental egin daitezke; gure helburua xumea izan behar da. Bertako esperientzia eta lana modu interesgarri batean jendarteratzea lortzen badugu pozik geldituko gara dokumentalarekin. Aurretiko lana oso garrantzitsua da, baina proiektu hau elkarlanean eraikitzeko inprobisazioaren atea ireki behar dugu derrigorrez.

Zelako erronka suposatzen du zuretzako horrelako lan batek? 

Pisutsua bezain jostagarria. Nire rola argi daukat; kooperanteei beraiek bizitakoa komunikatzen animatzea eta bertan jasotakoak ahal bezain ongi islatzea. Bidaltzen dutenaren %10a bakarrik erakutsi ahal izango dugu, eta zama handienetakoa galbahe lanarena egitean datza. Kudeatzaile lan bat da, bideoaren egiletzan ehundaka izen ageriko dira, guztion artean sortu behar dugu proiektua, bestela ez du zentzurik izango.

Gazteek formakuntza saioaren ostean egindako lehendabiziko grabaketak