Aurkezpen gutxi behar dituen kirolaria da Richard Oribe. Sei Paralinpiar Joko, hamasei domina paralinpiar —urrezko zortzi, zilarrezko sei eta brontzezko bi—, 22 domina Munduko Txapelketan, 48 munduko marka onduta… Garun paralisia duen historiako igerilaririk onena da donostiarra. Baina, zer dago arrakasta horren atzean? Nor da kirolariaren atzean dagoen pertsona? Alde ezezagunago hori hobeto ezagutzeko balio du Iñigo Asensio komunikatzaileak zuzendutako Richard Oribe. Al otro lado de las medallas dokumentalak. Tolosarrarekin hitz egiteko eta filma estreinaldian ikusteko aukera izan dugu GoT Rioko blogariek.

Richard Oribe kartela DEF

Oriberi buruzko gako guztiak esaldi bakarrean laburbiltzeko gai da Asensio: «Jende askok ezagutzen du Richard Oribe domina irabazlea. Oso ondo, eta hortik haratago zer dago? Familia bat, haurtzaro oso gogor bat, urteetan ezagutu ez den pertsonaia bat eta, batez ere, igeriketa amaitzear dagoen, eta etorkizunean bere bizitzarekin zerbait egin beharko duen, pertsona bat». Lau urte dira proiektua martxan jarri zuenetik. Londresko Olinpiar eta Paralinpiar jokoei begira Basque Teamek EiTBrekin batera ekoitzitako Bat To London programarako atal baten grabaketan ezagutu zuten elkar Oribek eta Asensiok.

Arrakastatsua izan zen erreportaje hura, eta, nolabait, filmaren abiapuntu bihurtu zen. Afaltzeko elkartu ziren Oribe, haren gurasoak, Javier de Aymerich entrenatzailea eta Asensio, eta han egin zuen proiektuaren proposamena zuzendariak. Gogoan du oraindik kirolariaren aurpegia: «’Pelikula bat. Richard. Ni.’ Ezustekoa izan zen hasieran, berak ez zuen espero horrelako zerbait gertatuko zenik; eta batez ere, ilusioa eta prestasuna. Nahiz eta erromantiko samarra izan daitekeen, begirada hark, aurpegi hark, izugarri inspiratu gaitu borrokan jarraitzeko, istorio hau kontatzeko».

Bartzelona, Atlanta, Sydney, Atenas, Pekin, Londres… eta Rio? 42 urterekin, kirol ibilbideko azken besakadak ematen ari da Oribe. Ez da ziurra irailean Rioko Paralinpiar Jokoetan izango denik, baina oraindik badu sailkatzeko aukera. Horiek hala, gero eta zentzu gehiago du Eta orain zer? galderak. Asensioren iritziz, baina, «une gozoenetako» batean dago igerilari laudatua. Ezkerreko besoa minduta izan arren, eta entrenatzea gero eta nekezagoa izan arren, ate berriak ireki zaizkio: «Ez dut uste Richard uretatik oso urrun planteatu daitekeenik, bere gorputzak behar du kirola. Gainera, berak argi dauka umeekin aritu nahi duela, haiek entrenatu, ikasitakoa transmititu. Galdera oso eguneratua dago, baina badauzka bere planak, eta luzarorako du lotura igerilekuarekin». Horrez gain, filman ikus daitekeenez, sozializazioa da Oriberen etorkizunari begirako beste puntu garrantzitsu bat. Koklea inplantea jarri ziotenetik, asko hobetu du komunikatzeko gaitasuna, aisialdiaz eta egunerokotasunaz gozatzeko lagun taldea du orain: GBC animatu, bazkariak egin… «Bizitza osoa igeriketari eskaintzetik, bere denbora elkarbanatzera igaro da, beste gauzak egitera pasa da».

RICHARDEKIN BARTZELONAN

Nolakoa izan da Oriberekin lan egitea Asensiorentzat? «Izugarria. Bere etengabeko prestasuna eta profesionaltasuna… Urte batzuk daramatzat telebista munduan lanean, puntako kirolari askorekin aritu naiz lenean, eta oso gutxik dute halako gaitasunik. Adibidez, filmaren grabazioan raccord-az -irudien jarraitutasuna- jabetzen zen. Adi zegoen gure lanarekin: ‘Jarri al duzue bateria grabatzen?’. Bat gehiago genuen lantaldean». Une berezi bat ekarri du gogora, Bartzelonara joan zirenekoa. Montjuiceko igerilekuan, Paralinpiar Jokoetan estrainekoz aritu zen lekuan, grabatu zuten. «Goizean trena hartu, 20:00ak aldera Bartzelonan, gaueko autobusa hartu beharrean, korrika batean genbiltzan, eta halako batean, aurpegira begiratu eta esan zidan: ‘Iñigo, lasai, ondo nago, ez dago arazorik, lasai’. Ostras, kezkatuta negoela sumatu zuen, eta ez bera gaizki zebilelako, ez, guk ez genuelako asmatzen kamararekin. Halako batean bukatu zen grabazioa, bera bere aulkian zegoen, eta ni lurrean eseri nintzen, bere parean egoteko, eta elkarri begira geratu ginen».

Asensioren iritziz, «inspiratu egiten duen pertsona» da Oribe: «Energia ona transmititzen du». Zuzendari gisa, igerilariaren izaera irudi bidez islatu nahi izan du, eta isiltasunen bitartez egin du hori, batzuetan: «Oso pertsona hausnarkorra da; gauza asko daude Richarden isiltasunetan, urteetan berbalizatu ezin horrek beste gaitasun bat eman dio, keinu bidez gauzak adierazteko, jendearen energia asko sentitzeko, segituan ikusteko ongia daraman jendea».

Bat to London programen grabaketetan aritu zen bezala, Bat to Rio ere grabatzen ari da Asensio, eta gustura dabil proiektuarekin. «Kirolari asko duela lau urte ezagutu genituen, eta dagoeneko bere ingurua ezagutzen dugu, une politak bizi dira grabazioetan. Beste kasuetan jende berria ezagutu dugu, jende jatorra. Kirol kazetaritzak apur bat nekatu ninduen, baina Olinpismoak pizten dit oraindik ere emozio puntu bat».

IMG_20160417_205341

XIV. Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu zuten Richard Oriberen dokumentala, arrakasta osoz, sarrera guztiak saldu baitziren. Gustura ikusi zuten ikus-entzuleek, une hunkigarriak umorezkoekin tartekatu zituen zuzendariak, eta Oribe ez ezik, beste hainbat igerilari, haren familia eta lagunak ikus daitezke. Viktoria Eugenia antzokiak txalo zaparrada ozena eskaini zion. Emanaldiaren ondoren hitzaldi labur baino interesgarria egin zuten Oribek, Asensiok eta Rosa Lumbrerasek, igerilariaren amak.

Gertuago du kirol ibilbideko amaiera Oribek. Hasiera berri bat; haurrekin batera, irribarre eta miresmen dominen bidea. Datorrena datorrela, aurrera beti.

Richard Oribe, al otro lado de las medallas TRAILER OFICIAL from Iñigo Asensio on Vimeo.

logoa_blogGOTeko blogariak (Urko Zabala Camino, Iñaki Lasa Etura, Nerea Gurrutxaga Zuatzubizkar eta Uxue Otxoa Alberdi) Olinpiar Jokoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.