Ia kirolari batek ere ez du buruaren garrantzia zalantzan ipintzen ariketa fisikoa praktikatzen duenean, baina oso gutxik dakite errendimenduan lantzen diren beste hainbat alderdi bezala, hori ere entrena dezaketela. Baina garrantzitsua dela jakin arren, zuetariko zenbatek entrenatzen duzue zuen garuna? Oraindik ere, egun, badaude psikologia erabat kaltetzen duten ohiko esaldiak; “hori eroentzat da” bezalakoak, edo psikologora doana erotzat hartzen da. Zoritxarrez, kirol psikologia ez da aurreiritzi horietaz libratzen, eta oraindik txarragoa dena: kirolari askok ez dute laguntza hori ikusi nahi ere egin, ahultasunaren islatzat hartzen baitute harengana jotzea.

kirol psikologiaNabarmendu behar da ez duela soilik buruko eritasun larrietarako balio, prebentzio gisa ere asko eman dezake kirol psikologiak, eta are gehiago, errendimenduan aurrerapen aberasgarriak eskaini ditzake, kirolarien auto-kontrola indartzeaz bat. Hala izanik, zuek inoiz izan ez al duzue pentsamendu edo ideia kontrolaezinak lehia batean? Eta jakin al dituzue kudeatzen?
Jarraian, eguneroko bizitzan ditugun, baina zehazki kirolari baten bizitzan egon ohi diren oinarrizko 6 emozioen pintzelkada batzuk emango ditugu. Baina, lehenik eta behin, mezu honekin geratu zaitezten nahi dugu: emozioek eta sentimenduek gure barnean gertatzen ari denaren berri ohartarazten gaituzte. Egin ezazue haien irakurketa egokia, entzun itzazue, ikus itzazue, azter itzazue eta hazten eta zuek gehiago ezagutzen lagunduko dizuete.

 

Oinarrizko 6 emozioak:

Emozio guztiek funtzio bat daukate. Ia beti, gertaera baten berri ematen digute, zeintzuek erabaki bat hartu beharraren abisua ematen baituten. Emozioekin bizitzen ikasten duzu edota sufrimendura kondenatuta zaude.

Jarraian, kirolean bidelagun diren emozioak aurkeztuko dizkizuegu.

– BELDURRA. Mehatxatuta sentitzen zarenean agertzen da, zure buruak arriskuan zaudela balioesten duenean. Baina, gehienetan, beldur hori ez da erreala, zure interpretazioaren fruitua da. Asko arduratzen zaituen zerbaiten ispilu gisa azaltzen da, horregatik, hori landu, zergatiak bilatu; eta ez beldurrak berak eragiten dizun ondorio fisikoak.

POZA. Plazera eta ongizatea eragiten ditu, baliteke batzuetan euforia ere sentiaraztea. Harrotasuna ere agertzen da, gustura sentitzen zarelako ikustean nola heldu zaren bizitza hori izatera. Motibazioa elikatzen du. Oso garrantzitsua da egoera aztertzea, zeintzuk diren une horietako ideiak, sentipenak, pletoriko sentitzearen arrazoiak… Komeni da, gainera, paperean boligrafoz idaztea. Horrela, triste sentitzen zaren beste batean, alai sentitzeko egiten zenuena gogoratu ahal izango duzu, eta horrek aurrera jarraitzen lagunduko dizu. Emozio positibo hori idaztearen funtzioa, etorkizun batean zu ikusiko zaren ispilu positibo bat gisa erabiltzea da, non begiratzeko aukera izan dezakezun.

FRUSTRAZIOA eta PENA. Helburuak bete ez direnean azaltzen dira. Zu zeu ez zara emaitzarekin, lortutako denborarekin, jarrerarekin edo dena delakoarekin ase ezta ere konforme sentitzen. Frustrazioak gogorarazten dizu ahalegin eta esfortzu horretan inbertitutako denbora, eta ez duzula esperotako edo finkatutako emaitzarik eskuratu. Erabakiak hartzeko, pazientzia izateko eta helburuak birdefinitzeko unea da. Oso garrantzitsua da egoera horren zergatiak aztertzea.

PASIOA. Bizi eta aske sentitzearen sinonimoa izatearekin bat, motibazioaren oinarria eta iturria da. Nagitasuna gainditzera laguntzen du, eta nekeaz gozatzera animatzen zaitu ere. Egiten duzun horrekin jarraitzeko gogoa elikatzen du, eta lotura bereziak sortu hainbeste maite duzun kirolarekin.

ESPERANTZA. Harremana du ziurtasunarekin eta konfiantzarekin. Lortu nahi duzun horrekiko lasaitasuna ematen dizu, seguru zaudelako zure inplikazioaz eta ahalmenaz. Sendo mantentzen laguntzen dizu, bai une gogorrenetan bai zailenetan ere, eta horrek, etsitzeko ideiak ez azaltzea eragiten du. Indartu egiten du bakoitzaren burua.

–  HARROTASUNA. Emozio horren alde positiboa lortu behar da. Zure bertsiorik onena ateratzen du, eta erortzen zarenean, borrokatzen duzunagatik eta horrek merezi duenaren zergatiak gogorarazten dizkizu. Esaten dizu gai zarela eta ahal duzula aurrera egin nahiz eta nekea, minak, etab gorabehera azaldu.

Emozio bakoitzaren azalpen labur bat eman ondoren, aukera izan dugu Ander Romarate (Eibar, 1994/06/14) kirolariarekin hitz egiteko, eta hain gutxitan aditzera ematen den kirol psikologiaren inguruko galderak erantzun dizkigu igerilariak. Riora joatearekin ilusionatuta dagoela dio, 2012ko Londreseko esperientzia gogoratuz, desiratzen baitago horrelako ekitaldi goren batean berriz parte hartzeko.

– Riora begira zein emozio sentitzen dituzu? Niretzako bigarren Jokoak izango direnez, lasaitasun puntu batekin begiratzeko aukera dut. Hala ere, PPJJek errespetua sortzen didate beti. Azken finean, parte hartu ahal dudan lehiaketarik garrantzitsuenak dira.

– Nola kudeatzen dituzu emozioak kirolari bezala?822f860931a4665468edba66247c9772

Kirolari batek eduki dezakeen gaitasun garrantzitsuena psikologikoki indartsua izatea da, beraz, dena lasaitasunarekin hartzea bilatzen dut. Erabiltzen dudan taktika nire buruari presioa kentzea da. Batzuetan zaila izaten da, baina, oso erabilgarria da.

– Beldurra azaldu zaizun egoera bat azaldu. Nola kudeatu etagainditu duzu?

Ez sailkatzeko beldurra beti azaltzen da. Beraz, hori kudeatzeko modurik egokiena garrantzia kentzea dela uste dut. Izan ere, sailkapenari gehiegizko garrantzia ematen badiozu, urduritasuna areagotu egiten da, eta horrela lehiatzea ezinezkoa da. Gainera, igeriketa bezalako kiroletan, non proben iraupena oso laburra baiten, ezin duzu akatsik egin. Horretarako, lasai egotea derrigorrezkoa bilakatzen da.

– Alaitasuna sentitu zenuen egoera bat deskribatu. Egoera aztertzeko joera duzu?

Denbora askoan zehar markaturiko helburu bat lortzean sortzen den alaitasuna deskribaezina da. Azken finean, denboraldi guztia ematen dugu entrenatzen, helburu hori lortu ahal izateko. Egindako esfortzuak balio izan duela ikustean, alaitasuna agertzen da. Hala ere, aitortu behar dut, ondorio negatiboak gehiago aztertzen ditudala.

7b6974902c222664db4c2361a7a2cbac

– Pasioa: nola deskribatuko zenuke?

Emozio eta sentimendu handiak sortzen dizun zerbait bezala ulertzen dut. Adibidez, kirola, orokorrean, niretzako pasio bat da, izan ere, praktikatzen nagoenean, horrek, sentimendu eta emozio handiak sortzen baitizkit.

-Esperantza: egun zerrekiko daukazu?

Egia esan, Riora joateko izugarrizko gogoa dut, baina, batez ere bilatzen dudana bideaz gozatzea da. Izan ere, PPJJ batzuetara iristeko egin behar den bidea oso luzea da, eta ez baduzu disfrutatzen, ez du merezi. Beraz, orain arte bezala jarraitu nahi dut, azken finean, ez sailkatzea gerta daiteken zerbait da, eta horregatik, gutxienez bideaz gozatzea bilatzen dut.

– Igerilari gisa harrokeria ezagutu duzu? Nola fokatzen duzu zure barnean?

Kirolari bat xumea izatea guztiz garrantzitsua ikusten dut. Niretzat, kirolari on bat, isilean lan egiten duena da, harrokeriarik gabe lanean gogor egiten duena hain zuzen ere. Azkenean, harrokeriak ekartzen dizun gauza bakarra aurkariak dira, eta irudi desegokia.

5108bf52f530e1c13876cf510a6a4ef3

– Egun, eta Riora begira, nolako urduritasun edota tentsio emozioak dituzu?

Data gerturatzen doan heinean, urduritasuna handitzen doala sumatzen dut. Hala ere, lasai mantentzen ahalegintzen naiz, izan ere, denboraldiaren momenturik garrantzitsuenak orain datoz, eta burua ondo edukitzea guztiz beharrezkoa da. Beraz, uste dut, oraingoz nahiko ondo mantentzen ari naizela tentsioa eta inguruko emozio kontuak.

logoa_blog

GOTeko blogariak (Urko Zabala Camino, Iñaki Lasa Etura, Nerea Gurrutxaga Zuatzubizkar eta Uxue Otxoa Alberdi) Joko Paralinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.