Atzera kontua hasi da. Olinpiar Jokoak gero eta gertuago daude, eta horren adierazle da, esaterako, biharko ekitaldia. Olinpiako (Grezia) hiri zaharrean piztuko baitute su olinpiarra. Behin suzia piztuta, eskuz esku Grezian zehar arituko da egun batzuez, eta hilaren 27an pasako diete XXXI. Olinpiadako Jokoen antolatzaileei. Bada, maiatzaren 3an Brasilen abiatuko du suzi olinpiarrak bere ibilbidea herrialdean zehar, abuztuaren 5ean, Maracanako estadioan amaitzeko.

(Argazkia: Rosso Robot. Wikipedia. CC BY-SA lizentziapean)

Kontuak horrela, kirolariak Rio de Janeiroko Jokoetan izateko azken txartelak eskuratu nahian ari dira hilabete hauetan. Guztira, 28 kirol eta 42 kirol diziplina ezberdinetako kirolariak, hain zuzen. Londresko Olinpiar Jokoetan baino bi kirol gehiago izango baitira lehia ofizialean Rio de Janeiron (26 baitziren XXX.Olinpiadako jokoetan). Lehian egongo diren kirol olinpiarren zerrendak, 2008ko Beijingo kopuru bera berreskuratuko du horrenbestez.

Izan ere, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak 2009ko Copenhagueko batzarrean XXXI. Olinpiadako jokoen zerrendan beste bi kirol gehitzea erabaki zuen: Golfa eta Errugbia. Hori horrela, bi kirolak lehiaketa ofizialak izango dira Rion.

Golf.pikto. wiki

Argazkia: Wikipedia.

Golfari dagokionez, ez da Olinpiar Joko batzuetan lehiatzen den lehen aldia; aurrez, beste bi alditan izana baita. 1900ean, Parisko Jokoetan izan zen lehen aldiz, eta, lau urte geroago ere, Saint Louiseko (AEB) Jokoetan, lehiaketa ofizialen zerrendan izan zen. Handik aurrera baina, NOBak zerrendatik kanpo uztea erabaki zuen, 2009an berriz ere onartu arte. Hori horrela, gizonezkoen eta emakumezkoen lehiaketa indibidualak izango dira Rion.

Rugby wiki

Argazkia: Wikipedia.

Errugbia ere aurrez izana da Olinpiar Jokoetan. 1900eko Parisko Jokoetan izan zen lehian lehen aldiz. 1908, 1920 eta 1924ko Jokoetan ere lehiaketa ofizialen zerrendan izan zen. Eta aurten ere, Rioko Jokoetan izango da; ñabardura txiki batekin baina. Izan ere, orain arte 15 jokalarik osatzen duten taldeek hartu izan dute parte Olinpiar Jokoetan. 2016ko Rioko Jokoetan ordea, 7ko errugbia izango da. Hori horrela, emakumezkoen eta gizonezkoen selekzioek hartuko dute parte txapelketan.

Bada, 2016ko Olinpiar Jokoetan 28 kirol eta 42 diziplina izango dira guztira. 1896an Atenasen ospatu ziren lehen Olinpiar Jokoetan izan zirenak baino 19 gehiago.

 

logoa_blogGOTeko blogariak (Maria López, Irati Aguirre, Aitor Biain eta Jon Altuna) Joko Olinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.