taldea

Talde osoa

Gazteaukerak eta Basque Teamek elkarlanean sustaturiko Gazte Olinpic Team Rio egitasmoak 8 gazte Rioko Joko Olinpiko eta Paralinpikoetara eramango ditu 2016ko udan. Mundu mailan egiten den kirol ekitaldi garrantzitsu honetan berri emaile izango dira gazteak, horretarako Gazteaukerako bloga, Instagram, Youtube eta Flickr bezalako kanalak erabiliko dituztelarik informatzeko. Beraien zeregina Euskal kirolarien jarraipena egitea eta gazteei horren berri ematea izango da Riotik.

Blogariak nortzuk diren eta nolakoak diren ezagutzeko jarraian bildu dugu beraien aurkezpentxoa:

irati

Irati Aguirre

Irati Aguirre naiz, 23 urteko donostiarra. Kazetaria naiz eta egun komunikazio korporatiboan lanean ari naiz Bilbon. Pertsona alaia eta bizia naizela diote nire ingurukoek, beti erronka berrien bila nabil! Bidaizale amorratua naiz eta argazkilaritza ere oso gustoko dut. Iraganean saskibaloia eta gimnasia erritmikoa urte askoz egin nituen eta gaur egun ahal dudan bakoitzean eskia praktikatzen dut. Esperientzia honi heltzeko irrikitan nago eta ziur mundiala izango dela!

jon

Jon Altuna

Kazetari lasarteoriatarra. Prentsa idatzian eta irratian egiten dut lan. 23 urte ditut eta kirola da nire zaletasun nagusia. Tenisean hasi nintzen aitak herrian duen Ostadar eskolan, gero bizikleta hartu nuen Donosti Berri, Buruntzazpi eta Debabarrena taldeetan aritzeko. Afizionatu mailan urte bat egin eta atletismora pasa nintzen. LOKE eta Bidasoa Atletiko Taldeko partaide naiz gaur egun eta iraupen erdiko probak egiten ditut. Rio de Janeiroko egonaldia gozatzeko, baina batez ere ikasteko baliatu nahi nuke. Bidaia hasi besterik ez da egin!

Maria López

Maria López

Maria Lopez nauzue, 27 urteko zumaiarra. Ikus-entzunezko errealizadorea eta diseinatzaile grafikoa naiz. Bizitza osoan zehar kirola eta bidaiatzea izan dira nire zaletasunik maiteenak. Horregatik, Gazte Olinpic Team lehiaketan saritua izan eta Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetara joango diren lagunen zerrendan agertzea, aukera paregabea izan da niretzat. Erronka berri honek irrikitan nauka.

 

Aitor Biain

Aitor Biain

Kazetari Oñatiarra naiz. Kasualitatearen kasualitatez, unibertsitatetik hasi eta lan mundurainoko tartean –luzea baita–, kirol mundura eraman naute bide guztiek. Olinpiar Jokoak izan dira oraingoan, eta ez, hau ere ez da nolanahiko helmuga izan. Gazteaukera eta Basque Team-ek emandako aukera kirolzale orok nahiko luke beretzat. Zorioneko naiz, bai, aitor dut, eta erronka potoloa dut esku artean.Gogotsu eta ilusioz gainezka nago baina horri aurre egiteko. Euskal kirolarien jardun olinpikoaren berri ez baita egunero ematen!

Uxue Otxoa

Uxue Otxoa

Arrasaten jaiotako Uxue Otxoa Alberdi nauzue. Publizitate eta harreman publikoetan lizentziaduna izan arren, egun, psikologia gradua ikasten nago Donostin, EHU-n. Helburu bakarra dut buruan: kirol psikologo bezala lanean jarduten bukatzea. Kirol maitalea izanik, kirolaria ere izan nahiz. Eskiatzen aritu nintzen nire bizitzako urte  asko, eta horretaz gain, futbolean eta surfean ere parte hartu izan dut txapelketaren batean. Txapelketak albo batera utziz, gaur egun ere kirolaritzat hartzen dut nire burua. Eskiko entrenatzailea izanik, neguko asteburu denetan Pirinio aldera egiten dut ihes. Baina badaude beste kirol batzuk ere praktikatzea gustatzen zaizkidanak: txirrindularitza da horietako bat. Bestalde, egunerokotasunean beti saiatzen naiz naturari tarte bat egiten, bertan bilatzen baitut nik aske sentipena eta asebetetasuna. Joko Paralinpikoetara joateko egundik daukaten ilusio eta gogoa hitzez azaltzea zaila egiten zait, baina esan dezakedana da aukera paregabea dudala begien aurrean eta nire etorkizunerako oso baliagarria izango den esperientziatzat hartzen dudala opari hau. Espero dut, zu irakurle bezala, gure hitz eta irudiekin transmititzen saiatuko garen horren parte sentiaraztea eta gozatzea.

Urko Zabala

Urko Zabala

23 urteko zarauztarra naiz. Lehen Hezkuntzan gradua, Gorputz Hezkuntzan aipamena eta Hezkuntza Premia Berezietan Unibertsitate Masterra ditut. Betidanik gustatu izan zait kirola egitea zein jarraitzea, beraz Joko Paralinpiko batzuk bertatik jarraitzea sekulako aukera da niretzat. Gazteaukerari eta Basque Team-i esker izango dut Rio de Janeiroko Joko Paralinpikoetara joateko aukera eta esperientzia berri hau bizitzeko irrikaz nago.

Nerea Gurrutxaga

Nerea Gurrutxaga

21 urte ditut eta elgoibartarra naiz, baina Bilbon bizi naiz ikasketengatik. Ikus-entzunezko Komunikazio gradua egiten ari naiz, eta asko disfrutatzen dut honekin lotutako jarduerekin. Kazetaritza atsegin dut, baita publizitatea ere, eta hau aukera ezin hobea da nire komunikatzaile jarduna hobetzeko. Pertsona irekia naiz, alaia, eta bidaiatzea eta lagunekin egotea dut gustuko. Kirolari dagokionez, eskubaloi jokalaria izan naiz eta eliteko edozein kirol ikustea dut gogoko.

Iñaki Lasa

Iñaki Lasa

27 urteko andoaindarra. Kazetaria ofizioz eta afizioz. Kirolzalea izaki, betidanik izan dut Olinpiar Jokoekiko interes berezia. Orain artekoak telebistari itsatsita bizi izan ditut, eta oraingoan ez dut alferrik galduko Paralinpiar Jokoak bertatik bertara bizitzeko aukera. Maite dut istorioak kontatzea, eta horretara noa Riora, hango istorio txikien eta handien berri ematera.

ekipo

Taldea Jon Redondo, Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendariarekin