Parisko Jokoetako kartela. Arg: Wikipedia.

Parisko Jokoetako kartela. Arg: Wikipedia.

Jose de Amezola Joko Olinpikoetan historia egin zuen zuen lehen euskalduna izan zen. Izarran jaio zen 1874. urtean, Araban, eta Parisko Jokoetan domina lortu zuen 1900ean.

Denera 997 atletak hartu zuten parte Jokoetan, horietatik 22 emakumezkoak ziren. Hemeretzi kirol ezberdinetan aritu ziren 24 naziotako atletak lehian maiatzaren 15etik urriaren 28ra bitartean.

Amezolak zesta punta modalitatean eskuratu zuen garaipena. Bikoteka aritu zen Francisco Villota madrildarrarekin, baina tranpa txiki bat ere badu domina horrek, bi bikotek soilik eman zutelako izena Parisen. Iparraldeko Durquettyk eta Etchegarayk osatu zuten beste bikotea, baina antolatzaileekin izandako hika-mika batengatik parte-hartzeari uko egin zioten. Teknikoki txapeldun geratu ziren beraz Amezola eta Villota, pilotakadarik jo gabe.

Partidarik jokatu ez zutenez, errekonozimendurik jaso gabe itzuli ziren etxera. Ez zekiten irabazle izan zirenik, inork ez zien halako traturik eman Frantziako hiriburuan. Ahanzturan egon ziren XX. Mende amaieran Nazioarteko Batzorde Olinpikoak Bill Mallon historialariari Parisko Jokoen inguruko lana enkargatu eta honek teknikoki irabazle zirela ebatzi zuen arte.

Pilota, Frantziako hiriburuan bakarrik izan zen ofizial, nahiz eta Mexiko 1968an eta Bartzelona 1992an erakustaldi moduan erabili zen.

Jose de Amezolak ireki zuen Parisen euskaldunen domina-zerrenda olinpikoa, Rion izango dute euskaldunek zakua betetzen jarraitzeko aukera. Guk bertatik bertara kontatu nahi ditugu euskal kirolarien lorpenak!

 

logoa_blogGOTeko blogariak (Maria López, Irati Aguirre, Aitor Biain eta Jon Altuna) Joko Olinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Bat Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.