Hiru Damatxo ideia faktoriako kideek irabazi dute Gaztezulo aldizkariak antolaturiko bideo lehiaketaren GazteBizHitza saria.

Unai Gaztelumendi, Kepa Martxain eta Lander Arretxeak osatzen dute Hiru Damatxoren lantaldea. Hirurak Komunikazioaren munduan buru belarri sartuak daude, baina komunikazioa egin eta ulertzeko molde berriekin datozkigu eta kamaren aurrean zein atzean fin moldatzen direla erakutsi digute.

Gaurko gazte askoren panorama islatzen duen esketxa egin duzue Terapian lanean. Zein paperetan sentitzen zarete zuek momentu honetan? (posmodernoaren paperean, koherentearenean, bietan hala batean ere ez)

Terapianen azaltzen diren pertsonaia guztiak izan gaitezke. Batzuetan posmodernoarena egiten topatzen dugu gure burua, beste batzuetan koherentzia aldarrikatzen, eta askotan, kanpotik begira ari den dendaria ere bagara. Gureak eta gure ingurukoenak diren eztabaida eta kontraesanak bildu ditugu dialogo horretan, baina lezio moralik emateko batere asmorik gabe.

‘Terapian’ lanaren gidoiari jarraituz, zenbateraino dira printzioak heldulekuak eta zenbateraino hormak?

Horrelako galdera potoloei hobeto egiten zaie aurre, edo ihes, fikzioan. Hiru Damatxora ekarrita, gure printzipioak sortzen ari garen proiektuaren abiapuntua dira. Batzuetan dirua eta merkatuaren menpeko errealitatearekin egiten dute talka; orduan erabaki behar izaten da zertan amore eman, eta zertan ez. Baina beti ere kontziente izanda, eta gero eta alor gehiago gure egiteko konbikzioarekin. Hain justu Hiru Damatxo horretarako sortu dugu: erabaki guztiak guk geuk hartuko ditugunez, gure printzipioak edukietan eta lan egiteko moduan isla daitezen.

ONA

Hiru Damatxo Ideia Faktoria sortu duzue berriki, komunikazio zerbitzuak eskaintzeaz gain zuen Terapia gune izaten ari al da ekimen hau?

Terapiarako gunea ez dakit, baina egia da Hiru Damatxo komunikazio zerbitzuak eskaini eta gure eduki propioak sortuko dituen kooperatiba baino gehiago badela. Gure militantzia, kanpo proiektuak eta harremanak kontuan hartuko dituen lan egiteko modu bat ezarri nahi dugu, seguru baikaude horrela gure bizi kalitatea bakarrik ez, egiten duguna ere hobea izango dela.

Ideia faktoria abizena jarri diozue zuen proiektuari. Ez da komunikazio agentzia bat gehiago?

Komunikazio agentzia bat gehiago sortzeko balitz, ez genituzkeen gure lanak utziko. Gutxienez hiru ezaugarri baditugu bereizten gaituztenak: lehenengoa kide guztion artean modu horizontalean kudeatzen dugula, bigarrena, eduki propioak sortu eta aktibitate publikoa dugula, eta hirugarrena, euskaraz eta euskaratik sortzera ohitutako hiru kide garela. Komunikazio zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa gehienak erdaldunak, sektorean soilik ezagunak, eta hierarkizatuak dira.

‘Gure Bazka’ deituriko zuen bideo elkarrizketak hor dabiltza bolo-bolo sarean.

Nonbaitetik hasi behar ginen, eta aukera ona iruditu zitzaigun guretzat erreferentziazkoak diren pertsonak bazkaltzera gonbidatu eta bideoan biltzea. Batetik, gure proiektua azaldu eta haien inpresioak biltzeko aukera izango genulako, eta bestetik, gure balio eta konbikzioak zeintzuk diren beste batzuen hitzekin erakusteko modua ere bazelako. Espero genuena baino harrera hobea izan du hala ere, eta horrek erakusten du Gu Ta Gutarraken garaiotan, eduki mamitsuagoentzako tokia eta publikoa ere badagoela. Gure asmoa da Gure Bazka-ren moduko proiektu propio gehiago ere martxan jartzea; dela ikus-entzunezko formatuan, dela beste bide batzuetatik.

Gogoetarako hainbat esparrutako jakitunak bazkaltzera gonbidatzeko aitzakian zuen jakin-min gosea asetzerik lortu al duzue?

Guk buruan ditugun ideiak hitz aproposekin adierazten asmatzen duten pertsonak dira gonbidatu gehienak. Zentzu horretan, jakin-mina asetu baino gehiago, gure ideiak eta Hiru Damatxoren abiapuntua sendotzeko balio izan du. Gurekin bazkaldu dutenek eta aipatzen dituzten gaiek komunean dute gauzak egiteko modu berria(goa)k aldarrikatzen dituztela, eta gu ere horretan eragiteko asmoarekin sortu gara.

‘Gure kabuz ala hil dokumentala’ ere giran hasi da Euskal Herriko hainbat herrietatik.

‘Gure kabuz ala hil’Topatu eta Ernaik bultzatu dute, baina Hiru Damatxoko kide den Lander Arretxeak ere hartu du parte dokumentala egin duen lan-taldean. Guri ere toki txiki bat egin digute gainera. Hala ere, dokumentalaren ekarpen handiena da kapitalismoaren logika ahal beste baztertuz martxan dauden proiektuak ikusarazten dituela. Esperientzia horien guztien berri izateak balio digu gure proiektuarekin are kritikoago izateko, eta baita gizarte eredua aldatzeko sortu den mugimendu zabalago baten parte garela gogoratzeko ere. Aldi berean, mahai-gainean jartzen du jada zabaldua dagoen ideia: gauza batzuk aldatzeko ez dagoela itxaron beharrik, oraintxe hasi gaitezkeela.

Captura de pantalla 2015-12-03 a las 15.12.51

Todoterrenoxamarrak ikusten zaituztegu, kamera aurrean zein atzean moldatzen zarete, non sentitzen zarete erosoen?

Guk ideian jartzen dugu azpimarra, edozein komunikazio ekintza ideiatik abiatzen baita. Gero, ideia horrek eskatzen duen formatuaren arabera, gure papera bat edo beste izango da. Aktore lana ez da esperientzia gehien dugun alorra, baina ditugun baliabideekin egin behar da lan, eta Terapian egiteko modu errazena hori zenez, ez genuen bi aldiz pentsatu.

2016ari begira zer duzue jomugan?

2016aren hasieran sortuko dugu kooperatiba, eta erronka handia izango dugu eskuartean: Hiru Damatxo bideragarria egitea gure proiektu propioak martxan jartzeari uko egin gabe. Gure edukiei begira, ikus-entzunezko fikzioan pixka bat gehiago sakondu nahi genuke. Eskaintzen ditugun zerbitzuei dagokionez aldiz, ideia onak izan eta horiek martxan arrakastaz jartzeko gai garela frogatu nahi diogu gure buruari, eta nola ez, baita gugana jotzen dutenei ere.