Beldur Barik ekimenak seigarren edizioa ospatzen du aurtengoa. Indarkeria sexistaren aurkako programa honek lehiaketak, topaketak eta hezkuntza ekimenak bultzatzen ditu, gazteen jabekuntza prozesua indartzeko.

Beldur Barik lehiaketa

Beldur barik ikus-entzunezko bideo lehiaketan parte hartu nahi duten gazteek Beldur Barik jarrera islatu behra dute lanetan. Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, anitzak eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi behar dute. Kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, nesken ahalduntzetik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen konpromisoa matxismoaren aurka.

Euskal Autonomia Erkidegoko 12 eta 26 urte arteko neska-mutilek parte hartu ahal dute lehiaketan, bi kategoriatan:

1. kategoria: 12 – 17 urte
2. kategoria: 18 – 26 urte

Banaka zein taldeka parte hartu ahal da, ikastetxe gisa, ikasgela gisa edo elkarte gisa.
Taldeko norbaitek 18 urte edo gehiago baditu, proiektua 2. kategorian sartuko da zuzenean. Lanak jasotzeko epea 2015eko irailaren 11an hasiko da eta azaroaren 11an amaituko da (biak barne).

Sariak

1. kategoriako saria: 500 €
1. kategoriako aipamen berezia: 300 €
2. kategoriako saria: 500 €
2. kategoriako aipamen berezia: 300 €
Saria ikus-entzunezko ekoizpen onenari: 300 €
Herriaren saria: 300€

Topaketa

Aurten, saritutako lanak azaroaren 28an ezagutuko dira, Amurrion egingo den Beldur Barik Topaketan. Urtero antolatzen den topaketa honetan jai giroa, eztabaidak, prestakuntza tailerrak eta bestelako ekintzak egongo dira. Informazio gehiago: www.beldurbarik.org