Ahopeko Kontzertuak-Tristan Crowley ( Bideoa Ibai Armentia)

“Ahopeko kontzertuak” deritzon ekimenak musika taldeak eta entzuleak era intimo batean biltzeko aukera eskaintzen du, kontzertuak Bilboko espazio pribatuetan eskainiz. Formatu txikiko musika saio hauetara joan nahi duenak 24 ordu lehenago jakiten du non izango den kontzertua. Nolanahi ere, misterioa eta intimotasuna ziurtatua dago.

Bi lagunen ideia baten emaitza da ekimena eta beraiengana jo dugu gehiago jakin nahian.

Ideia berezi honen sustatzaileak nortzuk zarete?

Jon Urrutia (Pierrot) eta Alberto de la Hoz gara. Biok musikaren munduan eskarmentu handia dugu, sortzaile gisa eta, kasu honetan, sustatzaile moduan..

2015eko martxotik daramazue kontzertu sekretuak edo ahopekoak eskaintzen Bilbon, nola bururatu zitzaizuen kontzertuen formatu hau?

Ideia jatorriz Albertorena izan zen, baina bion artean eman genion orain duen forma.Gure asmoa musikak benetako garrantzia izango zuten kontzertuak antolatzea zen. Guztiok izan dugu kontzertu batera joateko aukera eta bertan, gozatzeko gogoa izan arren batzuetan esperientzia ez da esperotakoa izan; hitz egiten duen jendea dela, edalontzien zarata… Antolatzen ditugun kontzertuetan aforo oso mugatua izaten da, eta, oro har, nahiko akustikoak dira kontzertuak, horren ondorioz publikoak arreta handia jartzen du eta interpretea guztiz errespetatzen da.

Kontzertu hauek espazio pribatuetan egiten dituzue. Orain arte zein eratako tokietan egin dituzue kontzertuak?

Proiektua hasi genuenean, kontzertuak etxeetan ospatzea nahi genuen gehien bat, baina denboraldian zehar ikusi genuen enpresa edo negozio txikiak gurekin kontatu nahi zutela. Kontzertuak leku askotan egin ditugu: etxe batean, baratze batean , Indautxuko Silken hoteleko teilatuan, bizikleta denda batean (Hiri Zikloak) edo liburu denda batean (Cámara).

Musika taldeei dagokionez baduzue gogoko estilorik? Zeintzuk dira zuen irizpideak taldeak hautatzeko?

Oso musika-gustu desberdinak ditugu, baina bioi gustatzen zaigun talderen bat beti dago. Normalean batak besteari taldeak proposatzen joaten gara eta bioi gustatzen zaigun zehozer topatzean dugunean proposamena Ahopeko kontzertuen formatuan sar daitekeen ikusten dugu.

Publiko gisa joateko zer egin behar du interesa duenak? Eta talderen batek interesa balu kontzertu bat eskaintzeko zuengana jo dezake?

Publiko bezala joatekobi forma daude: posta zerrendara apunta zaitezke ahopekokontzertuak@gmail.com-era email bat bidaliz eta kontzertua programatzen dugunean posta elektroniko bat iritsiko zaizu argibideekin. Bestalde, Facebook-en bidez, ekitaldia argitaratzen dugunean jarraibideak ikusi ditzakezu. Kontzertuetako sarrerak online erosten dira eta posta elektroniko berri bat jasoko duzu kontzertua ospatu baino 24 ordu lehenago lekuaren helbide zehatzarekin.

Bestalde, musika-proposamenetara irekita gaude; edozein taldek edo interesa duten interpreteek posta elektroniko bat bidal diezagukete ahopekokontzertuak@gmail.com-era

Nolako harrera izan du egitasmoak orain arte?

Ba egia esateko denboraldiaren hasiera, ohizkoa den moduan, nahiko gogorra izan zen. Baina kontzertuak aurrera joan ahala jendea proposamenara ohitu zen eta eskari handiagoa nabaritu genuen. Antolatu ditugun azkenengo kontzertuetan sarrerak deialdia ireki eta 24 ordutara bukatu ziren. Jende askok errepikatzen du.

Ikasturte berriari begira jarraitzeko asmoa duzue? Nobedaterik egongo al da?

Sasoi honetako kontzertuak laster hasiko ditugu eta printzipioz bi astean behin izango dira. Jendeak errepika dezala espero dugu, beraz adi egon zaitezte.

Egia esan azken sasoian inongo neskarik ez genuen izan, baina aurten hainbat egongo dira, baita oraindik agerian utzi ezin ditugun hainbat sekretu.