Testua: Mikel Ibargoien

“Ikaragarria, sekulakoa, oso berezia, hitzekin azaldu ezin daitekeen esperientzia …” horrelakoak eta antzekoak esaten dituzte Boiseko jaialdia bertatik bertara bizitzeko parada izan dutenek. Beste batzuek ordea, arrazoi batzuk edo beste batzuk medio ez dute han izateko aukerarik eduki eta enbidia sanoarekin “egunen batean joatea gustatuko litzaidake, nire ametsetako bat da jaialdira joatea …” aipatzearekin konformatu behar dute.

dance

Argazkia: Greg Harness, Jaialdi 2015

Kontu jakina da Boisekoa euskal diasporaren jai handienetarikoa dela, 5 urterik behin antolatzen dela eta jende pilo bat bertaratzen dela, baina horretaz aparte zer berezitasun ditu edo zer topa daiteke hainbesteko sona izateko?

Jaialdiak irauten dituen 6 egunak ekitaldiz josita egongo dira, eta, beraz, ez da aspertzeko betarik izango. Ekitaldi horiek mota guztietakoak izango dira – kirola, dantza, musika, erakusketak… – baina hori bai, denek izango dute ezaugarri amankomun bat, euskal kulturarekiko lotura, hain zuzen. Izan ere, hori baita jaialdiaren funts nagusia, euskal kulturaren eta nortasunaren aldarri egitea.

Basque Block-a izango da festaren erdigune eta berau bilakatuko da lagunarte eta familien topagune. Frontoian pilota eta pala erakustaldiak izango dira eta, halaber, janaria eta edaria ez dira faltako.

Kirolarekin jarraituz, Century Link aretoan Sports Night ekitaldiaz gozatzeko aukera izango da. Bertan Euskal Herritik joandako kirolariek erakustaldi desberdinak egingo dituzte: Hala nola, aizkora, trontza, lasto altxatzea, txingak eta lokotx bilketa. Guretzat ohikoak diren arren, Boiseko jendeak ez du izaten horrelakorik zuzenean ikusteko aukerarik, eta, ondorioz, ikuskizuna jarraitzerakoan isladatzen duen berotasunak apartekoa behar du izan.

Musika eta dantza eskaintza ere zabala izango da. Alde batetik, Morrison Center antzokian Festara ekitaldia izango, non bertako eta nazioarteko artisten emanaldiak izango diren ikusgai. Bestalde, Expo Idahon Euskal Herritik gonbidatuta joandako zein Estatu Batuetako hainbat estatutik iritsitako dantza, musika eta kantu taldeez gozatzeko modua izango da. Gainera, Luhartz eta The Crazy Wheels Band taldeek kontzertuak eskeiniko dituzte gauak girotzeko.

Horretaz gain, bestelako ekitaldi kulturalak eta hitzaldiak ere topa daitezke. Esaterako, Boiseko Unibertsitateak Joan etorri ikasketa sinposiuma antolatuko du zeinak euskal gaiak izango dituen ardatz. Bertan, besteak beste, Willian Douglass antropologoa – euskal diasporaren ikertzaile garrantzitsuenetarikoa – entzuteko aukera izango da.

Boiseko euskal historiaren gaineko jakinmina dutenentzat gai horren inguruko xehetasunak azalduko dituen Tourra egiteko aukera izango da zenbait egunetan. Museoa zabalik izango da egun horietan hainbat euskal erakusketekin.

Filmek ere izango dute haien tartetxoa eta alor honetan azpimarratu behar da Gure Sor Leku izenburu duena, izan ere, 1959.urtean grabatu zen eta diasporako euskaldunei Euskal Herria erakusteko sortu zen lehena izatea du bereizgarri nagusia.

Halaber, Euskal Herriko gastronomiak izango du bere tartetxoa. Bizkaiatik joandako, Aitor Elizegi, Josu Ibarra eta Beñat Ormaetxea chefek eta Mikel Garaizabal sommelierrak goi mailako afaria prestatuko dute.

Eta noski, egunean zehar antolaturiko ekitaldi guztiez aparte gaueko zurrunbiloan murgildu nahi dutenentzat  egunero egongo da giroa ordu txikiak iritsi arte batetik bestera ibiltzeko.

Jaildiaren puntu nagusiak aipatuta komeni da esatea beronen jiran beste zenbait gai interesgarri daudela: Boiseko ikastola, gazteen euskal nortasuna, Dave Bieter alkatea euskal hiztuna dela eta jaialdia aurrera eramateko itzalean lan egiten duen bolondres mordoa, besteak beste.

Beraz, argi dago aurtengo jaialdian badagoela zer aukeratua eta, hortaz esperotako arrakasta lortzeko osagai guztiak ditu.

gaztebizhitza_logoa

GazteBizHitza, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako zerbitzua da. GazteBizHitza atariak Ikasketak, Lana eta Etxebizitzaren inguruko informazioa eta doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen ditu gazteentzat. 

GOazen Boisera ekimeneko blogariak (Naroa Elortegi eta Mikel Ibargoien) 2015eko Boiseko Jaialdiaren berri-ematen