Rinnnggg!!!!

Goizeko laurak dira eta iratzargailuak jo du. Beste edozein egunetan hain goiz altxa behar izanda edonork botako luke pikutara, baina gaurko eguna desberdina da, Boiseko abentura hastear da. Ilusioa nagusi denean ez da batere kostatzen begiak ireki, ohetik altxa eta prestatzea. Tarte horretan bidaia bati ekin aurreko ohiko kezkak azaleratzen dira: dena hartu dut, ondo begiratu ditut hegaldiak, dena ondo joango da, maletak helmugara iritsiko ote dira…

Chicagoko aireportuan

Chicagoko aireportuan

5:30etan Loiuko aireportuan elkartu eta bertan eman diogu hasiera amaiera urrun zuen maratoiari. Izan ere, helmugara iristeko Frankfurten eta Chicagon geratu behar izan gara. Diotenez, ordea, geldialdi bakoitza aurrera pauso bat omen da, eta guretzat behintzat hala izan da. Bada, hegazkinean igo bezain laster Boisera begira jarri gaituen bidaiari Lekeitiar batekin hitz egiteko parada izan dugu, eta hizketaldia zela eta ez zela, konturatzerako Frankfurten ginen hirurak.

Chicago zerutik

Chicago zerutik

Frankfurtetik Chicagora, ostera, ordu luzeak igaro ditugu pelikula eta lo kuluxka artean. Hara iristean maletak lekuz aldatu eta trenean mugitu gara terminal batetik bestera BOISE hitza non aurkituko zain. Bitartean ezinbesteko galdera:Eta orain ze ordu da?”, “14:00ak hemen, 21:00ak Euskal Herria”, “Orduan zer, afaria edo bazkaria?”. Egun erdi atzera egin dugu ordulariak aurrera jarraitzen zuen bitartean, 24h-ko egunari eusten zion gure logurak arrastiko bostetako eguzkiaren azpian, Chicagoko aireportuan, Estatu Batuetan geundela sinetsi ezinik.

IMG_0866

Naroa eta Mikel lanean

Azken hegaldiaren aurretik genituen 6 orduak tripa ondo bete eta bidaiak ordurarte emandakoa kontatzen hasteko baliatu ondoren, eguneko azken etapan murgildu gara. Chicagotik Boisera izan dugun 3 orduko bidaiak, aurrekoarekin alderatuz laburra dirudien arren, pilatuta genuen nekea dela eta, amaiezina egin da. Dena den, halako batean bozgorailuetatik uhala jartzeko deia egin dute eta jarraian hegazkinaren gurpilek lurrarekin bat egin dute. AZKENEAN BAI, BOISEN GAUDE!!

IMG_0880

Azkenean Boisen

Boiseko argazki gehiago

gaztebizhitza_logoa

GazteBizHitza, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako zerbitzua da. GazteBizHitza atariak Ikasketak, Lana eta Etxebizitzaren inguruko informazioa eta doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen ditu gazteentzat. 

GOazen Boisera ekimeneko blogariak (Naroa Elortegi eta Mikel Ibargoien) 2015eko Boiseko Jaialdiaren berri-ematen