Boiseko ikastola Euskal Herritik kanpo dagoen bakarra da, duela 17 urte eraiki zen, 1998. urtean. Urte horietan zehar unibertsitateko kanpuseko eliza bat beste talde batekin elkarbanatzen egon ondoren aurten estreinakoz haien eraikin propioa lortu dute. Joan den astean izan zen irekiera ekitaldi ofiziala eta bertan izan zen Dave Bieter, Boiseko alkatea, besteak beste. Oihartzun handia izan zuen albisteak eta horren ondotik Jaildira urreratu diren asko eta askok ikastolara egin dute bisita.

Mara Davis da ikastolako zuzendaria, eta nahiz eta azken asteetan ero moduan ibili den ikastolaren prestaketa lanetan, orain oso pozik dago lortutako emaitzarekin eta haren hitzetan aurrera pauso itzela suposatu du eraikin aldaketak: “Aurreko eraikinean ez genuen behar besteko espazioa ume guztientzat. Halaber, elkarbanatzeak askatasuna murrizten du eta materiala erabiltzerako orduan ere gainontzekoak izan behar dira kontuan. Orain, aldiz, umeek konfiantza handiago dute haiengan eta  ondorioz, seguruago sentitzen dira eta alaiago daude.” Aipaturikoaz gain, gela ezberdinak eta kanpoan  umeentzat egokitutako espazioa ere badute, horrekin erosotasuna bermatzen delarik.

20221315005_b0258b95f9_z

Mara Davis, ikastolako zuzendaria

Ikastolaren sorreraren zioa argia izan zen, euskal jatorria zuten haurrek euskara ikasi eta hizkuntza bizirik mantentzearen alde lan egitea. “Guraso askok ez dakite euskaraz, eta ez dute haien haurrei gauza bera gertatzerik nahi. Gainera, euskara ikasita haien aitona – amonekin hitz egiteko aukera dute eta hori benetan berezia da.“

Helburu hori bideragarri bihurtu ahal izateko, ordea, derrigorrezkoa zen oinarri ekonomiko bat izatea. “Ikastola abian jartzeko ezinbestekoa izan zen Eusko Jaurlaritzak eskainitako laguntza”. Oraindik ere laguntza hori jasotzen dute urtero, finantziazioaren oinarrietako bat delarik, eta ekarpen hori gabe proiektua aurrera eramatea ezinezkoa izango zatekeela argitu digu Davis-ek. Horretaz aparte, ume bakoitzak ordaintzen duen kuotaren bidez mantentzen da  ikastola. Hala ere, boluntarioen lana nahitaezkoa da euskal komunitatean ezein proiektu aurrera eramateko, eta honetan ere horrela suertatu da. Eraikina apaindu eta bertara beharrezko materialak eramateko bolondresen jarduna funtsezkoa izan da Davisen ustez.

Murala

Murala

Hastapenetik hona aldaketa ugari eman dira, esate baterako, ikastolara joaten diren ume kopurua nabarmen handitu da. Lehen urtean zortzi ume besterik ez bazegoen ere, gaur egun 22ko multzoa dute. Horietatik gehienak euskal jatorrikoak dira, baina bada euskal lurrekin loturarik ez duenik ere. “Nik uste dut jendeak gaur egun garrantzi handia ematen diola bigarren hizkuntza bat ikasteari, batez ere adin txikikoak direnean. Hemen Boisen euskal komunitatea oso handia da eta jende askok lotura zuzenik izan ez arren interes handia du euskararengan”.

Umeak hiru urterekin hasi ohi dira ikastolan eta sei urte bete arte egoteko aukera dute. Horrez geroztik, ordea, ez dago euskaraz ikasten jarraitzeko aukerarik eta horrek epe horretan egindako lanari jarraipena ematea zailtzen du. “Zoragarria litzateke hemendik irtetean ere euskaraz ikasten jarraitzeko aukera izatea. Alabaina, ezer ere ez dagoenez gu saiatzen gara ikasle ohiak bederen urtean behin batzen euskara praktikatzeko aukera izan dezaten. Haatik, ez da nahikoa inondik ere”. Hala ere, egindako lanari esker gazteek oinarri sendo bat barneratzen dute eta  hizkuntza ikasteari berriro ekitean erraztasun handia dute.

20033285918_9e96487364_z

Ikastola barrutik

Irakasleei dagokienean, unibertsitate ikasketak dituzten bi andereñok egiten dute lan bertan, Oihana Andion eta Megan Vondemkamp-ek. “Batzuetan irakasleak lortzea ez da erraza izaten. Bada, lan egiteko bisa behar dute, eta hamabost hilabeterako baino ez du balio izaten. Ondoren, berriz itzuli behar izaten dira haien herrira. Nahiz eta hemen euskaraz dakien jendea egon ez dute irakaslea izateko behar den titulurik”

Klaseak emateko erabiltzen duten materiala berriz, Euskal Herritik ekarritakoa da. Duela urte batzuk Urtxintxa proiektua erabiltzen zuten, egun aldiz, Nubaris proiektuarekin egiten dute lan. “Nubaris ikaragarria da, irakasleentzat erabilerrazagoa da eta umeentzat gertukoagoa. Istorio, musika eta kolore asko ditu ”

20221290365_4d14df8bcc_z

Ikastola

Etorkizunera begira ildo beretik lanean jarraitu eta hedatzea da helburu nagusia. “Eraikuntza berriaren kokapenari esker ikusgarritasun handiagoa lortu dugu, eta horrek ume gehiago erakartzeko bide emango digu”.

Boiseko argazki gehiago

gaztebizhitza_logoa

GazteBizHitza, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako zerbitzua da. GazteBizHitza atariak Ikasketak, Lana eta Etxebizitzaren inguruko informazioa eta doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen ditu gazteentzat. 

GOazen Boisera ekimeneko blogariak (Naroa Elortegi eta Mikel Ibargoien) 2015eko Boiseko Jaialdiaren berri-ematen